ONCEren kupoitzarrak 100.000 eurotik gora utzi ditu Ordizian
Jesus Angel de Marcos 'Medu' saltzaileak 100.000 euroko saria eta 300na euroko beste bederatzi sari banatu ditu, ostiraleko zozketan.
ONCEren kupoitzarrak 102.700 euro utzi ditu saritan Ordizian. Jesus Angel de Marcos Medu saltzailea izan da saritutako txartelak saldu dituena, Barrena jauregiaren aurrealdean duen postuan. Ostiraleko bigarren mailako zozketan, zenbaki bat izan zen saritua, bost zenbakirekin; beste bederatzi kupoi ere sarituak izan dira, 300na eurorekin.
Medu-k sei urte eta erdi daramatza ONCEren agente saltzaile moduan lanean, eta lehen ere hainbat sari banatu baditu ere, hau izan da orain arteko handiena. Astelehenetik ostiralera Ordiziako txokoan egon ohi da, postua jarrita, baina Zaldibia, Legorreta, Itsasondo eta Tolosaldeko hainbat herritan ere aritzen da “ilusioa banatzen”. ONCEk zorionak eman dizkie, bai saltzaileari eta baita saridun guztiei ere.