Lesboseko errefuxiatuentzat janari bilketa egingo dute larunbatean Beasainen
Loinazko San Martin plaza azpian, 10:00etatik 16:00etara jarri dute hitzordua.
Beasaingo, Ordiziako eta Segurako boluntario talde batek, datorren larunbatean, hilaren 30ean, janari bilketa egingo du Beasaingo Loinazko San Martin plaza azpian. Biltzen den janaria Intxaurrondoko Zaporeak taldeari emango diote, «Greziako sukaldera eraman dezan, Lesbosera hain zuzen ere. Sukalde honetan egunero 1.200-1.500 otordu inguru prestatzen dituzte gero hauek kanpalekuetan gerratik ihes egin duten pertsona errefuxiatuei banatzeko».
Larunbateko janari bilketa 10:00etatik 16:00etara bitartean egingo dute. Elikagai zehatzak eskatu dituzte: makarroiak, arroz luzea, dilistak, babarrunak, garbantzuak, sardinak, atuna latan eta oliba olioa.