Aurtzaka dantza taldea eta Loinatz abesbatza prest larunbaterako
Larunbatean, 20:30ean, Andre Mari Zeruratuaren elizan 'Beasain dantzaz eta kantuz' ikuskizuna eskainiko dute. Sarrerak salgai daude Mirentxu liburudendan.
Aurtzaka dantza taldearen 40. urteurrenaren aitzakian, Aurtzaka eta Loinatz Abesbatzaren elkarlanetik sortu da Beasain dantzaz eta kantuz kantu, musika eta dantza ikuskizuna. Larunbatean, 20:30ean, Andre Mari Zeruratuaren elizan ikusiko da emaitza. Musikari dagokionean, elizako organoak protagonismo berezia izango du. Xabier Sarasolak joko du, Aitor Furundarena akordeoilariak, Andoni Zaballos txistulariak eta Iban Irazustabarren atabalariak lagunduta. Ikuskizunerako sarrerak salgai daude Mirentxu liburudendan; helduen sarrerak 10 euro balio du eta haurrenak 5.