Segurako euskara taldeak ekitaldi ugari antolatu ditu egunotarako
Durangoko azokara joateko autobusa antolatu du abenduaren 7an.
Seguran aspalditxoan ari da Hitz edo Irri, Euskaraz Elkarri euskara elkartea hitanoaren erabilera areagotzeko lanean. Hitanoaren erabilera ohiturari buruzko ikerketa egitearekin batera, pegatinak eta poltsak osatu dituzte aurreko urteetan. Aurten, gaur hasita, urrats bat gehiago egingo dute, Hitanoaldia antolatuta. Hi! hitza daraman txapa beltz-horia banatzen hasi ziren pasa den ostiralean herriko tabernetan, hitanoa erabiltzen dutenek paparrean jar dezaten.
Bestalde, Euskararen Egunaren harira antolatzen duten lehiaketan, hitanoari buruzko galderak egingo dituzte aurten. Parte hartzeko galdera orriak tabernetan jaso ahal izango dira. Abenduaren 15era arteko epea dago galderak erantzuteko. Liburu azokan egingo da sari banaketa.
Datozen egunetako ekitaldiak
- Gaur: 18:30ean, Pello Etxanizen Euskañola hitzaldia. Ardixarra etxean.
- Abenduaren 7an: Durangoko azokara irteera, 11:00etan plazatik irtenda. Itzulera, 20:00etan. Udaletxean edo liburutegian eman behar da izena (10 euro).
- Abenduaren 10ean: Literatura Tertulia Patxi Zubizarretarekin, 1948ko uda liburuaren inguruan.
- Abenduaren 15ean: 12:00etan, Hik Badakink lehiaketaren sari banaketa eta 12:30ea Arragoa folk taldearen kontzertua.
- Urtarrilaren 30ean: Eñaut Agirrerekin Emakumea eta bertsolaritza hitzaldia Danon Gelan.