Goi mailako 300 igerilaritik gora elkartuko dira igandean, Ordizian
Majori kiroldegian 10:00etatik 18:30era lehiatuko dira. Espainiako absolutu mailako 8 txapeldunek hartuko dute parte. Igeriketa egokituak ere lekua izango du
Goi mailako igerilarien jardunaz gozatzeko aukera izango da igandean Ordiziako Majori kiroldegian, 10:00etatik 18:30a bitartean. Euskal Herriko eta estatu espainiarreko taldeez gain, Hungaria, Serbia, Italia, Japonia, Errumania, Frantzia, Andorra, Venezuela eta Nikaraguako igerilariak ariko dira. Tartean dira, Evelin Verrazsto hungariarra; Lidon Muñoz, Jessica Vall, Simone Geni eta Mateo Milli aurreko edizioetako podiumak; Caba Siladji serbiarra; Italiatik Francesca Fangio; edo Japoniatik Yasunari Hirai. Bestalde, Espainiako absolutu mailako 8 txapeldunek hartuko dute parte.
Lau modalitatetan lehiatuko dira parte hartzaileak, 50 eta 100 metroko tximeletan, bizkar, bular eta estilo librean eta 100 eta 200 metroko estiloetan. Atal bakoitzean gizonezkoak eta emakumezkoak lehiatuko dira eta igeriketa egokituak bere lekua izango du aurten ere Gabonetako txapelketan. Bertan izango dira Iñigo Llopis, Nahia Zudaire, Richard Oribe, Iker Aizpuru eta Ordizia Igeriketa Taldeko Markel Iglesias.
Ordizia Igeriketa Taldearen esanetan, «atzerriko igerilarien maila duela bi urtekoa edo are hobea izango da, eta Estatuko igerilarien maila nabarmen igo da, hein batean, txapeldunen presentziagatik, horietako batzuk txapelketan estreinatzen baitira».
Erreferente
Txapelketa igandean izango bada ere, atzotik Goierrik oso gertutik biziko du igeriketa, hainbat taldek aste hori aprobetxatuko baitute neguko stage teknikoa egiteko. Hori horrela, entrenamentuak egingo dituzte Ordiziako eta Lazkaoko kiroldegietan.