Urtea korrika amaitzeko zazpi proba Goierrin
Beasainen, Lazkaon eta Legorretan goizean jokatuko dira San Silbestre lasterketak hilaren 31n; Urretxu-Zumarragan, Legazpin, Zegaman eta Ordizian, arratsaldez.
Gero eta zabalduago dago urte zaharra korrika eginez amaitzeko ohitura. Horren erakusle dira gero eta herri gehiagotan San Silbestre probak antolatzen direla. Aurten ere, zazpi proba antolatu dituzte, festa giroan edo lehia giroan aritzeko aukerarekin: Beasainen, Lazkaon eta Legorretan eguerdi partean ariko dira korrika; eta Legazpin, Zegaman, Urretxu-Zumarragan eta Ordizian arraltsaldez.
BEASAIN
Beasainen txikienak izango dira korrikan hasten lehenak, Beasaingo Batzokia Kultur Elkarteak antolatutako IX. San Silbestre Txikiarekin. 10:00etan irekiko dute izena emateko epea, Gernika pasealekuko pilotalekuan. 2 euro ordaindu beharko da izena ematea eta bertan jasotako dirua Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundearentzat izango da. Ondoren, 10:30ean hasita, mailaz maila ariko dira korrika, 7 eta 15 urte bitartekoak. 11:15ean sariak banatutakoan, opari banaketa eta hamaiketakoa izango dute parte hartzaileek Iturralde plazan.
Bestalde, 12:00ak iristearekin batera abiatuko dira Beti Bizik antolatutako 46. San Silbestre kroseko korrikalariak, Kale Nagusitik; helmuga Gernika pasealeakuan egongo da. Beasaingo kaleetan hiru itzuli eta 9 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek. Izena emateko epea, abenduaren 29an, 21:00etan amaituko da: kronoak.com, rockthesport.com edo beasain.eus (6 euro).
Sailkapeneko lehenengo 15 korrikalariek jasoko dituzte diru sariak; irabazleek 1.200 euro. Bestalde, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi probetarako bina dortsal zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.
LAZKAO
Lazkaon 11:30ean hasiko da korrikaren festa, 6 eta 13 urte arteko gaztetxoen korrika saioarekin; helduena 14 urtetik gorakoena 12:30ean izango da Antzar Korrikalariek antolatutako Eñaut Aldanondoren oroimenezko San Silbestrea. Helduen kasuan, 5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Izen-emateari dagokionean, hilaren 30era arte dohainik egin daiteke kronoak.com webgunean; egunean bertan izena ematen dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte. Dortsala egunean bertan jaso ahal izango da plazan, edo bezperan, 11:00etatik 13:00etara bitartean kiroldegian.
Hiru lehenengo gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat egongo dira dira sariak; herriko lehenengoentzat ere bai.
LEGAZPI
Legazpin bigarren San Silbestrea jokatuko da Urte Zahar egunean udalak antolatuta, 17:00etan, Kale Nagusian hasita. Bakarka edo bikoteka (mistoa) parte har daiteke. rockthesport.com webgunean eman behar da izena, 6 euro ordainduta. Lehenengo gizonezkoak eta emakumezkoak izango dute saria; mozorro onena ere sarituko dute. Hala ere, partaide guztientzat oparia egongo da. 250 lagunentzako muga dago.
LEGORRETA
Legorretako 29. San Silbestrea 12:00etan jokatuko da, Aldapa haundi, Bilkoin eta Jota-Kea elkarteek antolatuta. 3,4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek; herritarrek soilik parte har dezakete.
ORDIZIA
Beranduen jokatuko den proba Ordiziakoa izango da, 18:30ean hasiko baita. San Silbestrerik jendetsuena izaten da. eta aurten ere helduen lasterketan 800 lagunentzako muga jarri dute Goiz Aterpe elkarteak eta Txindoki Atletismo Taldeak antolatutako 43. San Silbestre proban. 6.325 kilometroko lasterketa da. 15 urtetik gorakoek har dezakete parte eta kadete, senior eta nagusien mailetako lehenengo hiru sailkatuentzat izango dira sariak; korrikalari guztiek pin bana jasoko dute opari. Hilaren 30ean, 20:00etan amaituko da izena emateko epea, rockthesport.com webgunean, euro 1en truke.
Dena den, helduen proba hasi aurretik haurrek eta gaztetxoek izango dute korrika egiteko aukera. 17:30ean benjamin mutilek (372 metro); 17:35ean benjamin neskek (372 metro); 17:40ean alebin mutilek (1.116 m.); 17:45ean alebin neskek (744 m.); 18:00etan infantil mutilek (1.488 m.); eta 18:15ean infantil neskek (1.116 m.).
URRETXU-ZUMARRAGA
Plazaola Urola Triatloi Klubak V. San Silbestre mistoa antolatu du. Lasterketa parekidea antolatu nahi izan dute aurten ere, emakumearen parte hartzea indartuz eta lasterketaren izaera herrikoia mantenduz. Areizaga-Kalebarren plazan 16:30ean hasiko da 5 kilometroko lasterketa. Izen-ematea herrikrosa.eus webgunean egin behar da, bikoteko 8 euro ordainduta. Egunean bertan ere izena emateko aukera izango da, 10 euro ordainduta.
Dortsalak egunean bertan banatuko dira, 15:00etatik aurrera. Lasterketako lehenengo 3 bikoteek garaikurra jasoko dute. Parte hartzaile guztiek hainbat produkturen zozketan parte hartuko dute.
ZEGAMA
Zegaman ere arratsaldean jokatuko da VIII. San Silbestre proba, 17:30ean hasita; aurretik, 17:00etan, umeen probak izango dira. Helduek 5,250 kilometro egin beharko dituzte herrigunean korrika. Sariei dagokienean, lehenengo hiru emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat sariak egongo dira; marka hausten dutenentzat, berriz, 100 euroko sari berezia egongo da. Bestalde, parte hartzaile guztien artean Zegama-Aizkorri mendi maratoirako hiru dortsal zozkatuko dituzte.
Izen-ematea rockthesport.com webgunearen bitartez egin behar da, 10 euro ordainduta; egunean bertan,15 euro (plazan) ordaindu beharko dira. 350 parte hartzailerentzako muga dago.