Gaur esango diote agur axariari
Asteburuan musikaz, dantzaz eta kirolaz gozatu dute idiazabaldarrek. Gaur, San Blas Txiki eguna da. 20:00etan amaituko dute festa Axariaren igoerarekin
Asteburu oparoa izan dute idiazabaldarrek San Blas jaietan, eta eguraldia ere lagun izan dute. Larunbatean pregoia irakurri zuten Pilarrenea Eguneko Zentroko erabiltzaileek eta langileek, zentroa ireki zela 20 urte bete direnean. Pregoiaren ostean, goitibehera txapelketa egin zuten. Unai Biain eta Adrian Perez izan ziren garaile. Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioaren egutegiko lehen proba izan zen Idiazabalgoa. Arratsaldean Binakako Txapelketako pilota partida jokatu zuten Laso eta Albisuk eta Jaka eta Zabaletak; azken bi hauek atera ziren garaile.
Igandean euskal dantza emanaldia egin zuen Axari Elkarteak, Birigarro Txistulari Taldearen laguntzaz. Ekitaldia amaitzerakoan momentu hunkigarria bizi izan zuten pilotalekuan: Eba Elortzak, Nekane Azurmendik eta Iratxe Hormaetxek omenaldia jaso zuten bukaeran, Axari Dantza Taldean egindako lan guztiagatik. Izaro Intsaustik eta Garazi Telleriak abestu eta jo zuten agurra, dantzariek gorazarre egin zieten bitartean.
Atzo, berriz, kirola izan zen nagusi goizean. 32. San Blas Txirrindulari Txapelketa egin zuten, Idiazabalgo Kirol Elkarteak antolatuta. Helduen proban Josu Urrestarazu izan zen garaile. Lasterketa amaitzean, soka dantza dantzatu zuten udal agintariek, eta paella bazkaria egin zuten eguerdian plazako karpan, Pancho Balbuena abeslari mariatxiak girotuta. Kuadrila eguna ospatzen zutenez, kuadrila arteko jolasak ere izan zituzten frontoi zaharrean.
San Blas Txiki eguna
Gaur agur esango diote festari Idiazabalen, San Blas Txiki egunarekin. Umeek goizez eta arratsaldez izango dituzte puzgarriak. 12:00etan Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak ariko dira plazan, Bertsozale taldeak eta Illati elkarteak antolatuta, eta ondoren bertso bazkaria egingo dute Xumen. 20:00etan, Axariaren igoera egingo dute. Datorren urtera arte. Amaitzeko, zezen suzkoaren erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.