Aire berriak Iratzarri elkartean
Gizartearen bilakaerak eragina du Iratzarri emakume elkartean ere, eta aldaketetara egokitzeko lanean hasi da zuzendaritza taldea. Bazkideentzako ekintza berriak prestatzen hasia da, gai erakargarriagoak aukeratuz.
Duela 29 urte etxekoandreen elkarte gisa sortu zen Iratzarri; gaur emakume orori irekitzen dizkio ateak, baita gizonezkoei ere, ekintzetan parte hartzeko. Elkarteak urtea osasuntsu hasi du, 260ko bazkideen langa gaindituta, eta gizartearen bilakaerak dakartzan aldaketetara egokitzeko aire berriak sartzeko gogoz.
Urtarrilaren erdi aldean aurkeztu zuen Iratzarrik 2020rako ekintzen egitaraua, eta martxa onean hasi dira. Ikastaroak, hitzaldiak, tailerrak, irteerak… aurreko urteetan markatutako ildotik datoz, baina berritasunetarako tartea ere bada aurten.
Ekintza berriak eta ohikoak
Izan ere, zuzendaritza taldearen barruan gogoetarako tartea ireki dute, eta bazkideen tipologia eta gizartea bera aldatuz joan dela ikusita, poliki-poliki ekintza berriak sartzen hasi dira. Horien artean dago herenegun aurkeztutako giharretako kateen luzapenaren tailerra. Laster hasiko da.
Tailer edo ikastaro berri gehiago martxan jartzeko asmoa dute: barre terapia, kremak eta xaboiak, poltsak, panpinak… Joste lanen tailerrean sartu nahi dituzten aldaketak daude tartean. Beste tailerretan, hau da, euskaran, yogan, lineako dantzan, pilatesen, sabel dantzan, zumban eta areto dantzan ez dute aldaketarik aurreikusten, bazkideen artean harrera ona baitute.
Kontsumoarekin lotutako tailerrekin eta hitzaldiekin jarraituko dute, eta Kontsumobidek Donostian egiten dituen tailerretara joango dira, besteak beste. Aldaketa klimatikoa, berdintasuna eta ariketa fisikoaren onurak dira landuko dituzten gaietako batzuk. Irteerak ere ez dira faltako; hasita daude ekainean egin ohi duten bidaia prestatzen.
Bestetik, Iratzarrik herriko elkarteekin harremana sendotu nahi du eta Tipi-Tapa egitasmoan laguntzeko asmoa du aurten, baita zine klub elkartean ere.
Iratzarrariren lema
Arantxa Ibarretak, Amparo Perezek, Arantxa Sudupek, Isabel Maria Ramosek, Txaro Morrasek, Begoña Lekuek, Maria Luisa Domenechek, Isabel Alonsok eta Victoria Floresek daramate Iratzarriren lema. Baina elkartearen martxan zuzendaritzakoak bezain garrantzitsuak dira bazkideak, 260 baino gehiago. Urtean 10 euroko kuota ordainduta, elkarteak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko eskubidea dute, hainbat ikastaro eta tailerretan beste kuota bat ere ordaindu behar badute ere.
Kuota horiekin eta udalak, herriko gainerako elkarteei bezala, ematen dion diru laguntzarekin eramaten du aurrera Iratzarrik urteko programazioa. Udalarena da, baita ere, elkartearen egoitza, San Ignazioko eskola zaharretakoa. Sukalde bat, areto handi bat, gela txikiagoak, bulegoa… Yoga, pilates, zumba, sabel dantza, euskara edo joste lanak egiteko tailerra tarteko, egun osoan dago mugimendua bertan.
Martxoaren 8ari begira
Emakumeen elkartea izanda, Martxoaren 8a egun seinalatua da Iratzarrirentzat, eta egun hori modu berezian ospatzen dute, irteera bat eginez. Aurten Nafarro aldera joango dira bezperan, martxoaren 7an. Irteeran parte hartzeko izenak emateko epea ireki bezain pronto bete dira prestatutako 55 plazak.
Bestetik, liburutegiak emakumeen egunari begira martxoaren 6rako antolatu duen irakurketa saioan ere parte hartuko dute Iratzarrikoek.