Irizar e-mobilityk 14 autobus elektriko egingo ditu Italiako Genova hirirako
Autobusen modeloa Irizar ie bus da. 2020ko abuzturako prest izango dira autobusak. %100 elektrikoak izango dira, baita autobusen kargarako azpiegiturak ere.
Irizar e-mobilityk Italian lur hartu du bere elektro mugikortasuneko soluzioekin. Zero igorpeneko 14 autobusez hornituko du Genovako hiria. %100 elektrikoak izango dira, baita autobusen kargarako azpiegiturak ere. Autobusen modeloa Irizar ie bus da. 2020ko abuzturako prest izango dira autobusak.
350 kWh-ko energia ontziratuarekin, ibilgailu horiek 220 km-ko autonomia dute, eta, horrez gain, 3 ate, 20 eserleku, gidariarentzako eserleku 1, gurpildun aulkietarako/haur kotxeetarako gune 1 eta 81 pertsonarentzako lekua dituzte. Irizar Taldeak garatutako teknologia dute elektronikari eta komunikazioei dagokienez, bai eta osagai eta sistema nagusietan ere. Bateriak ere teknologia propiokoak dira, eta segurtasun elektriko, termiko eta mekanikoko Europako azken araudiak betetzen dituzte: R100.v2, R10.v5 eta UN38.3. Ibigailu horiek gauez kargatuko dira, Combo 2 karga hargunea duten 9 kargagailu interoperagarriren bidez. Kargagailuak ere Irizar Taldeak garatutakoak eta fabrikatutakoak dira.
Hector Olabegogeaskoetxea Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiaren hitzetan, “Italia merkatu estrategikoa da guretzat, eta esleipen honekin jada 8 dira gure soluzioak eta zerbitzuak dituzten herrialdeak. Genova oso kale estu eta inklinatuak dituen hiria da, beraz, maila orografikoan operatiba zorrotza eskatzen du. Erronka horri aurre egingo diogu, dudarik gabe, gure produktuen fidagarritasunarekin. Zerbaitegatik eskaintzen ditugu giltza eskura erako proiektu erabat pertsonalizatuak eta bezeroen eta operadoreen premiak asetzeko diseinatuak”.