Mutiloako zabortegiak itxiera iragarri du martxoaren 1erako
Lurpe zabortegia "gainezka" dagoela eta hil honetan bertan ixteko asmoa iragarri du Cespa enpresa kudeatzaileak
Cespa enpresak hil honen bukaeran itxiko du Mutiloako Lurpe zabortegia. Hala jakinarazi du gaur Gipuzkoako egunkari batek, Mutiloako lantegiko iturriak aipatuz. Zabortegia “gainezka” dagoela diote, eta martxoaren 1etik aurrera, Lurpek hondakinak jasotzeari utziko diola.
Urtean 200.000 tona hondakin inguru jasotzen ditu Lurpek, eta Bergarakoarekin batera, hondakin inerteak jasotzeko baimena duen Gipuzkoako zabortegi bakarra da. Biak ala biak ere, ia erabat beteta daude, ordea. Jakina zen Mutiloakoa urtea bukatzerako beteko zela, baina epea aurreratu izanak ezustean harrapatu ditu asko. Antza denez, azken hilabeteetan hondakin kopuru handia jaso dute bertan, eta horrek azkartu du betetzea.
Egunkari horrek emandako informazioen arabera, Cespak bezero dituen hainbat enpresari jakinarazi die zabortegia ixteko asmoa, ezin dutela tona gehiagorik hartu eta erabakia “kontrolatutako deposituaren segurtasuna bermatzeko” hartu dutela.
Lurpe zabortegia eraikuntza enpresetako hondakindegi moduan sortu zuten, 1998. urtean. Handik zortzi urtera, hainbat egokitzapen lan egin zituzten, edukiera handitu eta hondakin inerteak jasotzen hasteko. 2017 eta 2019 urteen artean, Gipuzkoa mailako errefusa ere bertan jaso dute. Inguruko herrietan ere nabaritu da Mutiloako zabortegiaren aktibitatea, bai usainagatik eta baita kamioien joan-etorriagatik ere. Ormaiztegitik esaterako, egunean 100 kamioi baino gehiago pasatzen dira egunero.