Pintxoaren ibilbidea bihar hasiko da hamar mokadurekin
Basakanan, Bodega Riojanan, Kuluskan, Plazapen eta Xerberen pintxo bereziak egongo dira datozen lau ostiraletan. Bezeroentzat bonoak zozkatuko dira
Pintxoaren ibilbidea lehiaketa bihar hasiko da. Basakana, Bodega Riojana, Kuluska, Plazape eta Xerbera tabernek hartuko dute parte, bakoitzak bi pintxorekin. Bezeroek erabakiko dute bozketa bidez mokadurik onena zein den, eta bozka ematen duten guztien artean taberna parte hartzeileetan gastatzeko hamar euroko hamar bonu zozkatuko dituzte. Bareak Beasaingo Merkatarien Elkarteak antolatu du lehiaketa.
Mokadu bakoitzak bi euro balioko du. Bareak elkarteko dendetan erosketak egiterakoan banatuko diren bonupintxoak erakutsita pintxo bakoitza erdi preziora jaitsiko da, euro bakarrera. «Ekimen ona da. Tabernarien eta merkatarien arteko harremana sustatzeaz gain, bonupintxoen aitzakiarekin jende asko etortzen da pintxoak probatzera», aipatu du Plazape tabernako Felix Huizik. «Lehen ostiralean jende gutxiago ibiltzen da, baina ahoz ahokoarekin ere jendea etortzen da», gaineratu du. «Pintxoak erraza eta azkar egiteko modukoa izan behar du, bezeroak zain ez izateko».
Plazape Tabernan ogi tostak egingo dituzte: batek ahuntz gazta, hirugiharra eta tipula karamelizatua eramango du; besteak, bakailao brandada, piper gorriak, bakailao xehatua, patatak eta perrexila.
Kuluskan ere tostak egingo dituzte. Itsasokoak antxoa eta bokarta eramango du urdaiazpiko iberikoarekin eta tenpurako piperminarekin. Bigarrenak perretxikoak, ahuntza gazta, sagar tiratxoak, laranja marmelada eta urdaiazpiko txirbilak izango ditu osagai modura.
Bodega Riojanak arrautzak bere erara aurkeztuko ditu, piper berdearekin, txistorrarekin eta patata frijituekin. Bestea urdaizpikoa almendra ehotuekin izango da; Basakana tabernak txerri azpizuna onddoekin eta gazta saltsarekin eta bakailao melatua piper berde eta gorriekin eta tipularekin aurkeztuko du; Xerberak, bi kazolatxo prestatuko ditu: batean bakailaoa piperradarekin eta, bestean, untxia saltsan patata frijituekin.
Pintxoaren ibilbidea
Hilabeteko ostiraletan:
Taberna bakoitzak bi pintxo prestatuko ditu lehiaketarako:
· Basakana. Bakailao konfitatua barazkiekin; txerri azpizuna onddoz beteta eta gazta saltsarekin.
· Bodega Riojana. Tosta urdaiazpikoarekin eta almendrekin; arrautza frijitua Bodegon Riojana erara.
· Kuluska. Itsasoko tosta; tosta gozoa kurruskariarekin.
· Plazape. Ogi tosta ahuntz gaztarekin, hirugiharrarekin eta tipula karamelatuarekin; bakailao brandada.
· Xerbera. Untxia saltsan patata frijituekin; bakailao piperradarekin.Bezeroentzako sariak:
· Bonuak. Botoa ematen duten bezero guztientzat tabernetan gastatzeko hamar euroko hamar txartel zozkatuko dira.