Udaberria gerturatzen ari deneko zantzuak
Tipulin berria jateko prest, ilarra laster espero dute eta lorategietako zuhaixken aukera zabala. Nartziso lore sortak ere salgai.
Otsaila aurrera eta negua goxo doa. Ondorioz goiz espero da aurten lehen ilarra. Patxi Arizmendi Aramarrak esan digunez, «kilo erditxo bat ekartzeko moduan banuen, baina behin ekartzen hasita segida eman nahi izaten diot nik eta oraindik itxoin egingo dut. Baina leka hartuta eta alea ere ondo hartzen ari dira lehen ereindakoak». Bestalde negutegiak kostaldetik gertuago dituztenak hasi dira jadanik lehen ilar kiloak biltzen «geoni ere aritu gara ilarrak aletzen eta jan ditugu asteburuan, Hernaniko lagun batek ekarri dizkigu elkarrekin bazkaltzeko». Kostaldetik barnealdera aldetxoa izaten da, han lehenago datoz barazkiak, fruituak edota loreak normalean. Ibarrako Monteseneko Patxik ere ilarra laster ekarriko duen esperantza badu. Baba ikusteko denbora gehixeago beharko da.
Aldiz, salgai zituen jadanik lehen tipulin berriak Edurne Jauregi Baliarraingo Irabiazpikoak, aire librekoak. Baita laster asko saldu ere, 10:00etarako sortarik ez zen gelditzen bere mahai gainean. Euroan hiruko sorta.
Landaretan berriz, ilbeheran gaude: tipulina landatzeko garai egokia. Horixe zen landare zaleek gehien saltzen ari zirena. Urteko tipularekin ere hasiak dira gorri eta txuri buruzabalen landareak aukeran dira 3-3,5 euroan ehuneko sorta. Ibarrako Esther Illarramendik mugurdi edo franbuesa adar aldaxkak zituen sustrai eta guzti, 4 euroan 7ko sorta. Orain da aldatzeko garaia.
Ereite kontuez aritu gara Itsasoko Maria Jesus Oriarekin. Urteko porrua ereitekotan da: «Lehen tanda egun hauetan ereingo dut ilbeheran, beti etxeko hazitik ateratzen dut. Azenarioa berriz martxoko ilbeheran». Beti azti egon beharra eskatzen dute lan hauek, garai bakoitzean erreparatuz, eguraldi, ilargi eta gainerakoekiko erne ibiliz.
Zaldibiako Azanza lorezainak aukera handia du. Zuhaitzak aldatzeko garai berean, zuhaixkak eta beste zenbait lore aldatzeko ere hauxe da garaia. Esate baterako, larrosak, mota eta kolore askotakoak ditu: Chrysler Impenel, Bettina, Red Chooser, Grand Nord…10,5 euro bakoitza. Bestalde, hortentsia 11,5 euro bakoitza. Zuhaixka mota asko, bakoitzaren ezaugarri eta gustuaren arabera aukera zabala 13-22 euro artean.
Bestalde Juli Aierberen mahai gainean lehen nartziso sortak ikusi ditugu 3 euroan sorta.