Iraitz Huegun, paleta egokituko Gipuzkoako txapeldun berria
Legazpiko Urbeltz pilotalekuan jokatutako partidetan erabaki da Paleta Egokituko X. Gipuzkoako Txapelketa. Adimen urritasuna duten 19 eta 40 urte bitarteko 15 kirolari lehiatu dira. Gaur, herriko pilota eskolako banakako txapelketako partidak jokatuko dira.
Mindara klubeko Iraitz Huegun da paleta egokituko Gipuzkoako txapeldun berria, atzetik Zarautz taldeko Joseba Altuna duela. Joan den larunbatean Legazpiko Urbeltz pilotalekuan erabaki zen adimen urritasuna duten kirolariei zuzendutako Paleta Egokituko X. Gipuzkoako Txapelketa. Parte hartzaileek ikuskizun paregabea eskaini zuten, eta pilotalekuko harmailetako giroa bikaina izan zen. Lehen jardunaldia Zestoan jokatu zuten pilotariek, aurreko astean.
Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak elkarlanean antolatutako txapelketa da hau, eta inklusioa du ardatz. Paleta egokituko lehia da, eta pilotariek teniseko pilotarekin jokatzen dute, buruz buru.
Hamargarren edizio honetan adimen urritasuna duten 19 eta 40 urte bitarteko 15 kirolari lehiatu dira: Huegun eta Altuna txapeldunaz eta txapeldunordeaz gain, Mindara klubeko Jurdan Arakistain, Lander Ortega, Eneko Sagarmendi, Sheila Cueto, Ibai Castilla, Mariaje Garcia eta Leire Esnal; Zarautz taldeko Aritz Lertxundi, Iñaki Divasson, Xabier Olaziregi, Xabier Villar eta Lorea Iribar; eta Independente taldeko Xabier Arizkorreta.
Gaurko partidak Urbeltzen
Urbeltz pilotalekuak, bestalde, hainbat partida hartuko ditu gaur. Hasteko, 18:00etatik aurrera, pilota eskolako pilotarien artean jokatzen ari den banakako txapelketako partidak jokatu dituzte Benjamin A eta Benjamin B taldekoek, eta 18:15ean Prebenjaminak eta Benjamin A taldekoek.
Partida horiek amaituta, 20:15ean Gipuzkoako binakako txapelketan lehen infantil mailan ari diren Oier Altzelai eta Markel Arrizabalaga Tolosa I taldeko kideen aurka neurtuko dira.