Dultzaina itzuli da Legazpira
Urteetako hutsunearen ondoren, dultzaina doinuak Legazpira itzuli dira. Doinua musika eskolak tresna hori jotzen erakusten du, eta ikasleek talde bat dute. Igandean kalejira egingo dute.
Doinua musika eskolak dultzaina ikasteko aukera ireki zien legazpiarrei duela bost urte, eta deialdiak arrakasta izan zuen. Gaur, Mila Zubimendi irakasle dela, dultzaina klaseetara hamaika ikasle joaten dira. Taldea ere osatu dute, eta igande honetan dultzainak hartu eta kalera aterako dira.
Inauteri igandeko kalejira 10:00etan abiatuko da Laubidetik, eta Kale Nagusian amaituko du ibilbidea. Ohi bezala, dotore jantzita joango dira: praka eta jaka beltzak, alkondara zuria eta txapel gorria. Bi pieza joko dituzte, Azpeitia kalejira eta Egun da Santimamiña. Dultzaina kalejiretan ohitura den bezala, hamaiketakoarekin amaituko dute saioa legazpiar musikariek.
Errepertorio zabala
Dultzainak «soinu potentea» duela dio Zubimendi irakasleak, eta «errepertorio alaia eta zabala». Jaiekin lotzen diren doinuak dira dultzainarenak, erraldoi konpartsekin, esaterako, edo Larrain dantzarekin. Klaseak astearte goizetan eta arratsaldetan, eta ostiral arratsaldetan ematen ditu. Hamaika ikasle ditu, adin askotakoak, gizon zein emakume; Markel Garmendia da gazteena, 13 urterekin.
Zubimendiren dultzaina ikasle horien artean bada bitxikeria bat, gainera. Izan ere, ikasleetako bat garai batean Monttetarrak dultzainero ezagunekin danborra jotzen zuen Inazio Agirreburualderen semea da, eta beste bi, haren bilobak. Musika tresna horrekiko zaletasuna, eta musikarekikoa orokorrean, familian jaso dutela diote.
Proiektu gaztea
Doinua musika eskolako zuzendari Aitor Madinak dultzaina klaseen arrakasta nabarmendu du; «proiektu berria eta gaztea» dela dio, baina Legazpiko musika mapan «bere lekua hartzen ari dena».
Dultzainero taldea osatzeak eta klaseetan ikasitakoa kalera ateratzeak izan dira arrakasta horren gakoa, Madinaren ustez. Ikasleak motibazio gehigarria dutela dio. Hori dela eta, urtean hitzordu finkoak dituzte dagoeneko: inauteri igande honetako kalejira, Santikutz jaietakoa, Olentzero azokakoa, eta Oñatin eta Zumarragan bana.
Plazaola baserriko eta Azkoitiko Marttitte auzoko dultzaineroak
Burdinola elkartearen Txinpartak aldizkariko azken alean, Legazpiko dultzaineroen ibilbidea jaso du Jose Luis Ugartek, Marttitte-Legazpi konexioa, Urola aldeko aireak Goierrin izeneko artikuluan.
Gaurko dultzaineroek baino lehen, herrian musika tresna hori jotzen zutenen berri eman du bere lanean Ugartek. Horietako bat, 1899an jaio eta 1939n hil zen Cayetano Elorza zen, Plazaola baserrikoa. Hark jotzen zituen dultzainak gordeta dituzte oraindik baserrian.
Beste izen batzuk ere aipatzen ditu Ugartek, Monttetarrak, hain zuzen. Azkoitiko Marttitte auzoko Montte baserriko Supude anaiak ziren Monttetarrak. Atabala jotzen zuen Xanti 1930eko hamarkadan etorri zen Legazpira, gero Joxe Mari dultzaineroa eta azkenik Joxe Manuel pandero jotzailea; Azkoitian geratu zen Joxe ere dultzaineroa zen.
Hasieran Xanti, Joxe Mari eta Joxe ibiltzen ziren erromeria eta festatan. Bigarren etapa batean, 1980ko hamarkadara arte, Joxe Mari eta Joxeren seme Manuel ibili ziren dultzainarekin, eta Marttitetik Legazpira etorritako Inazio Agirreburualdek laguntzen zien danborrarekin.