Hasi dira inauteriak Legazpin
Igande iluntzera arte luzatuko diren jaiak Doinua musika eskolako ikasle eta irakasleen kalejira alai eta koloretsuarekin hasi dira. Bihar arratsaldean haurrek mozorro desfilea egingo dute, eta Lintx etorriko da inauteriei hasiera ofiziala emateko.
Legazpiko inauteriak hasi dira. Doinua musika eskolako ikasleek eta irakasleek kolorez, mozorroz eta musikaz bete dituzte herriko kale nagusiak arratsaldean, igande iluntzera arte luzatuko diren jaiei hasiera emanez.
Inauteriek jarraipena izango dute bihar, 16:00etan Santikutz egoitzaren paretik abiatuko den haurren desfilearekin. Desfilea plazan amaituko da eta han 17:00etan Lintx eta Katamaloak aterako dira, inauteriak ofizialki hasi direla iragartzeko. Festa giroak ez du etenik izango ondorengo orduetan.
Larunbatean festa egun handia izango da Gaztetxean. Aurten zirkoaren inguruko mozorroak izango dira nagusi bertan; mozorroekin batera, bazkaria, karropoteoa eta kontzertuak izango dira jai horretako osagai nagusiak.
Igandean Sustraiak dantza taldeak Lapurdiko inauteriaren konpartsa kaleratuko du, 11:00etan hasita. Iluntzean amaituko dira inauteriak, plazan, Lintx erreta.