«Iazkoaren ondoren, proba bukatze hutsa poza izango da guretzat»
Zenbatgarren rally-sprinta da aurtengoa zuretako?
Uste dut duela 10 urte atera nintzela lehen aldiz, eta harrezkero urtero-urtero parte hartu dut.
Zein kotxerekin zabiltza?
Mitsubishi EVO VI batekin. Gorria eta zuria da. 2013n erosi nuen, eta gustura nabil. Kotxe berezia da, 2001ekoa, eta nahiko arazo ematen dizkit, oso gainean egon behar den modeloa delako. Iazko rally-sprintera ondo aztertuta eraman genuen, baina lehenengo pasaldiko 4. kilometroan hoditxo bat atera zen eta bertan geratu zen proba guretzat. Hala ere, asko maite dut kotxea, eta horrekin jarraitzen dut.
Aurten zein asmo duzu?
Proba amaitzea lehenengo, bukatze hutsa poza da. Ez diet asko begiratzen denborei eta postuari. Disfrutatu eta amaitutakoan gustura geratzearekin, nahiko.
Legazpin jokatuta, berezia izango da zuretzat?
Bai, niretako eta nire kopilotu Mireia Saizarrentzat ere bai, bera Berritsukoa den arren. Herriak horrelako proba bat babesteak asko esan nahi du. Gainera, herri barruan egiten dira egiaztapenak, eta herriarentzako ikuskizun polita dela iruditzen zait.
Igandekoa denboraldiko lehen lasterketa duzu. Hemendik aurrera zein asmo duzu?
Ez dugu asmo handirik. Igandekoa egin eta hurrengoa, seguraski ekainean egingo dugu, Bartzelonan, Trasmiera zirkuitukoa. Nire kotxea bezalakoentzat da. Tony Ortuñok sartu dit buruan bertan parte hartzea.
Jarraitzaileei zerbait esan nahi al diezu igandekoari buruz?
Betikoa. Txukun ibili daitezela eta dena garbi utzi dezatela. Baita leku onetan jar daitezela ere. Dena ondo joatea nahi dut.