Punta-puntako gidariak Gabiria eta Legazpi arteko rally-sprinterako
Probaren 22. edizioa igandean jokatuko da, 61 partaiderekin. Ikuskizuna goizez hasiko da, Legazpiko plazako egiaztapen teknikoekin. Ibilbidea Kortatik Motxorro artekoa izango da
Automobilismoaren zaleek denboraldiko lehen hitzordua igandean dute, Gabiria eta Legazpi lotzen dituen errepidean egingo den rally-sprintarekin. Aurtengoak 22. edizioa du, eta aurrekoetan bezala, punta-puntako gidariek parte hartuko dute, tartean hainbat goierritarrek.
Astearte iluntzean aurkeztu zituen probaren xehetasunak Legazpiko udaletxean Lagun-Artea eskuderia antolatzaileko Jorge del Cidek. Ondoan izan zituen Koldobike Olabide eta Oier Oiarbide Legazpiko eta Gabiriako alkateak, Euskadiko eta Gipuzkoako federazioetako presidenteak diren Angel Gurrutxaga eta Iñigo Cuesta, probaren babesle den Korta erretegiko Lontxo Ormazabal, eta partaide bat, Jon Etxeberria legazpiarra. Mahaiaren alde batean eseri ziren horiek guztiak; beste aldean, publikoaren artean, automobilismoaren zale ugari.
Partaide eta zale ugari
Izan ere, Del Cidek esan zuen bezala, «zaleak zain daude». Gabiria eta Legazpi arteko rally-sprintak denboraldiari hasiera ematen dio, eta Korta eta Motxorro arteko 6,650 metroko zirkuituko bazterrak jendez beteta egoten dira, «are gehiago eguraldiak laguntzen badu».
Zaleak bakarrik ez, pilotuak ere erakartzen ditu proba honek, eta aurten «partaide zerrenda ikusgarria» osatu dela esan zuen. Faboritoen artean Roland Holke aipatu zuen lehenik, Iñigo Fernandez kopilutuaren laguntzaz Citroën DS3 N5 bat gidatuko duena. David Ardions eta Josu Agirre, Martin Villares eta Jon Zozaya eta Jon Etxeberria legazpiarra eta Mireia Saizar aipatu zituen ondoren. Listoia oso altu jarri ziola erantzun zion Etxeberriak.
Emakumeen partaidetza ere aipatu zuen Del Cidek. Pilotu bakarra izango da aurten, Monika Muñoz; alaba Naia Lasagabasterrekin batera lehiatuko da. Kopilotuen artean emakumezko gehiago daude, 11 guztira.
Gozamena eta segurtasuna
Publikoarentzako segurtasun gomendioak ere eman zituen Del Cidek, eta aurkezpeneko kideek bat egin zuten berarekin gai horretan. Ikuskizunaz gozatzeko eskatu zieten zaletuei, baita antolatzaileen argibideei jarraitzea ere, gozamenak eta segurtasunak eskutik joan behar dutelako horrelako probetan.
Txukuntasuna, sua ez egitea, aparkatzeko arauak errespetatzea eta zirkuitura inolaz ere ez sartzea. Horiek ere, rally-sprinterako eskaerak.
Aparkatzeko mugak izango dira Legazpin
Bikuña industrialdean, ibilgailuak 08:00etarako kendu egin behar dira. Ezin da aparkatu Zorrotz parean, 9-16 pabilioietan, eta erreka ondoko lerroko aparkalekuetan. Leku horiek eta errepidea atoiak aparkatzeko izango dira. Pabilioi aurreak libre utzi behar dira.
Garin-Zorrotz tartean proban parte hartuko duten ibilgailuentzako laguntza karpak jarriko dira 09:00etan, eta 20:00ak arte baimendutako ibilgailuak ibiliko dira soilik.