Selektibitatea atzeratuta, lasai
Batxilergoko 2. mailako 502 ikasleri eragin die Goierrin atzerapenak. Azterketarako prestaketa etxean jarraituko dute. Ikas plangintza zapuztu zaiela diote
Neurri berrien zaparrada etengabea da koronabirusaren pandemiari aurre egiteko Espainiako gobernuak alarma egoera ezarri duenetik. Azkenetakoa, selektibitatearen azterketa data atzeratzea izan da. Erabaki horrek aurten Batxilergoaren bigarren maila ikasten ari diren 200.000 ikasleri eragiten die.
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, selektibitatea edo unibertsitatean sartzeko proba ekainaren 10ean, 11n eta 12an egitea zegoen aurreikusita, eta data horiei begira ikasgaiak prestatzen ari ziren ikasleak. Koronabirusaren kontrako neurriekin, etxean dira ikasleak pasa den astetik, eta ohiko martxa etenda, planifikazioa goitik behera erori zaie ikastetxeei. Ikasleen artean ere kezka zabaldu da, azterketara behar bezala prestatuta iritsiko diren zalantza dute. Orain, azterketaren eguna atzeratuta, beste eszenatoki bat ireki zaie.
Selektibitatearentzako data berriak ez dituzte zehaztu ordea, eta alarma egoeraren iraupenaren menpe geratu da egun horiek finkatzea. Espainiako unibertsitateek azterketa uztailaren lehen astea baino beranduago ez programatzea eskatu dute. Selektibitatearen atzerapenarekin, unibertsitatean matrikula egiteko epeak ere atzeratuko dira.
Goierrin, 502 ikasle
Unibertsitatera sartzeko derrigorrezko proba da selektibitatea, eta bi ikasturteko iraupena duen DBHO (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondorengoa) edo Batxilergoa amaitutakoan egiten da. Goierrin hamar ikastetxek eskaintzen dituzte ikasketa horiek: Ordizian Jakintzak, Oiangurenek eta Goierri Eskolak; Beasainen Txindokik; Lazkaon San Benitok; Urretxun eta Zumarragan Jose Maria Iparragirrek, U-Z Ikastolak eta UGLEk; eta Legazpin Haztegik eta Olazabalek. 502 dira guztira Goierrin Batxilergoko bigarren mailan ari diren ikasleak. Gehiengoak egingo du selektibitatea.
Goierriko ikastetxe horietako batetik atzo eguerdian adierazi zutenez, ez zuten atzerapen horri buruzko informazio askorik, komunikabideen bitartez jaso zutelako berria; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ere jakinarazpen ofizialik ez zietela bidali esan zuten. Erabakiak estatu osoko ikasleei eragiten ziela eta, lasaitasun mezua ere zabaldu zuten, bereziki ikasleei zuzenduta. Izan ere, ikasleak kezkatuta antzeman dituzte, nahiz eta klaseekin etxetik jarraitzeko aukera emanda ardura hori zerbait arindu zaien ikasleen konexioa %100ekoa omen da. Egoera hau ikasleentzat «aukera bat» dela ere trasmititu nahi dute, eta «etxean dauden denbora aprobetxatu beharko luketela» eskatu diete.
Ikasleen kezkak
Maialen Aranburu beasaindarra da selektibitatearen atzerapena jasan duen ikasleetako bat. Beasaingo institutuan dabil ikasten, Txindokin, Gizarte Zientzien adarrean. Ikasturte osoan selektibitateari begira daudela esan du: «Kurtso hasieratik ez dute besterik aipatu, selektibitatea denbora guztian». Eskolako martxa azterketa horretara bideratuta izan dute, eta «urduritasun puntu bat» izan dute klaseak hasi zituzten une beretik. Orain, atzerapenarekin «kristoren faena» egin dietela aitortu du, datak eta epeak oso barneratuta zituztelako, dena oso planifikatuta zuten. Gainera, etxean daudela eta, «materia emateko modu egokiena ez dela» iruditzen zaio; «guk ahal dugun guztia egiten dugu, irakasleek ere bai, baina ez dakit hau nahiko izango ote den». Oraindik urruti ikusten du unibertsitatea, eta Lan Harremanak eta Giza Balibideak batetik eta Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza bestetik ditu aukeran. Lehenengorako gutxieneko nota behar du selektibitatean, besterako ez; aukera edozein izanda ere, azterketa ondo egingo duela pentsatzen du.
Kezka akademikoaz gain, Aranburuk badu beste bat ere, «ikas bidaia eta udarako egindako plan guztiak izorratu egin zaizkigu». Ikas bidaia ikasleen «motibazio handienetakoa» dela azaldu du; selektibitatea egin eta hurrengo egunean Mallorcara joatekoak ziren Txindokikoak, eta oraindik ez dakite zer egingo duten.
Legazpiko Iraitz Gastañares. ere Batxilergoaren 2. maila ari da ikasten, Urretxuko Jose Maria Iparragirre institutuan, Gizarte Zientzien adarrean, «letra puruak». Ikasturte honetako eginkizun nagusia selektibitatea prestatzea dela dio, «gure etorkizuna erabakitzen delako», eta data aldaketak dena hankaz gora jartzen diela uste du, hasieratik prestatuta zuten planifikazioa aldatu egin behar dutelako. Gainera, azterketa eta gerorako zituzten planak ere zapuztu zaizkiela esan du Gastañaresek, ikaskideekin egin behar zuten bidaia, esaterako, eta familiarekin egitekoak zituztenak ere bai.
Etxean ikasteak, bestalde, bere ustez bi alderdi ditu, batetik askatasuna eta bestetik hori bera arriskutsua dela selektibitateari begira, «ez baduzu egiten behar adina, ez dituzu lortuko klasean bezalako emaitzak, eta ez zara iritsiko selektibitatean nahi duzun nota horretara». Gastañaresek hiru karrera ditu buruan, Historia, Filosofia eta Zuzenbidea, eta oraindik erabakia hartu ez badu ere, horiei begira azterketa ondo prestatuko duela dio.