2020an ez da Ehunmilak probarik izango
Antolakuntzaren esanetan, "ekitaldi hau aurrera ateratzeko orain arte egindako lana eta ilusio guztia ez dira nahiko izango gure lasterketen ezaugarri diren oinarrizko bi zutabe nagusiak erabat ziurtatzeko: korrikalarien eta boluntarioen erabateko segurtasuna eta lehiaketen kalitatea". Izena emandakoei dirua itzuliko diete.
Ehunmilak probako antolakuntza batzordeak adierazpen bidez jakinarazi duenez, COVID‐19 Koronabirusak eragindako egoera sakon aztertu ostean, 2020 edizioko hiru lasterketak
bertan behera uztea erabaki dute. “Gure ustez, ekitaldi hau aurrera ateratzeko orain arte egindako lana eta ilusio guztia ez dira nahiko izango gure lasterketen ezaugarri diren oinarrizko bi zutabe nagusiak erabat ziurtatzeko: korrikalarien eta boluntarioen erabateko segurtasuna eta lehiaketen kalitatea”.
Erabakia “tristura handiz” hartu dutela nabarmendu dute, “baina beti bezala, lasterketako protagonistengan pentsatuta. Ziur gaude ulertuko gaituzuela. Horregatik, ohiz kanpoko egoera baten aurrean egonik eta gure Araudia alde batera utziz, izen-ematearen %100a itzuliko diegu korrikalariei”.
Amaitzeko, “eskerrik zintzoena” adierazi nahi die izan dien boluntario, laguntzaile eta babesle guztiei. “Hurrengo edizioetan ere elkarlanean arituko garela espero dugu. Orain, zuen indar guztia pandemia honen aurka jartzeko ordua da, etorkizun laburrean berriro mendiaz eta mendi lasterketetaz gozatzeko aukera izan dezagun”.