Piano doinuak balkoitik
Nahia Martinez Oiarbide beasaindarrak pianoa eta mikrofonoa balkoira atera eta zuzeneko kontzertuak eskaini dizkie bizilagunei eta lagunei Instagram bidez
Beasaingo Esteban Lasa kaleko bizilagunek larunbat eta igande berezia eta pribilegiatua bizi izan zituzten. Bat-batean, piano doinua eta emakumezko baten ahotsa entzun zitekeen. Nahia Martinez Oiarbide zen (Beasain, 1999), piano jotzailea, abeslaria eta abesti sortzailea. Pianoa eta mikrofonoa balkoira atera, eta zuzen-zuzeneko kontzertua eskaintzea erabaki baitzuen. Beste behin ere, bistarik gabeko kale zuloko etxeko balkoirik txikiena oholtza handienen pareko bilakatu zen. Izan ere, Beasaingo Esteban Lasa kalean bakarrik ez, Instragramaren bidez, mundu zabalean entzun izan baita Martinezen kontzertua.
Beasaindarrak beste musikari batzuek egindakoa errepikatu nahi izan du, «inbidia sentitu» baitu sare sozialetan ikusitakoarekin: «Ideia oso ona iruditu zait». Beraz, larunbatean, entsegua egin zuen, lau abesti jota. Igandean berriz, Instagrametik eskaini zuen zuzenean. «Lagunei esan nien eta uste baino askoz ere gehiago zabaldu eta ikusi zen». Zortzi abestiko errepertorioa osatu zuen; gehienak euskal kantak, Txoria Txori, Lau Teilatu... eta bi ingelesez.
2015ean egin zen ezaguna Martinez, Euskal Telebistako Izarrak Kalean lehiaketan, bigarren egin zuelako. Gaur egun medikuntzako hirugarren maila ikasten ari denez, musikari eskaintzeko denbora gutxiago du. Hala ere, iazko udan, Donostiako kaleetan aritu zen pianoa, mikrofonoa eta bozgorailua hartuta abesten. Horretarako, aurretik «baimena eskatu behar izaten da udaletxean eta beraiek jartzen dute kantatzeko lekua eta ordua». Kontxan, Boulebarren, San Telmo museoaren aurrean, Maria Cristina inguruan… kantatzeko aukera izan zuen. «Asko gustatu zitzaidan, oso esperientzia ona izan zen».