Etxeko ultra trail lasterketa
David Cid lazkaotarrak Ehunmilak lasterketa irudikatuz, ultra trail proba egin du etxean gora eta behera. Zazpi etapatan egin ditu 168 kilometroak
Konfinamendu egoeran, sare sozialak dira kanpora begiratzeko leiho handi bat, eta hortik begira, istorio aski dibertigarriekin egin daiteke topo. Erronka bat eta umorea uztartu ditu David Cid lazkaotarrak. Astebetean Ehunmilak lasterketako ultra trail proba bezala, 168 kilometro egin ditu etxean gora eta behera. Gines errekorra lortzeko modukoa.
Urtean zehar hainbat mendi lasterketetan parte hartzen du korrikalari lazkaotarrak. Datorren uztailean Ehunmilak lasterketan parte hartzeko izena emanda zuen jada. Orain arte, bost alditan amaitu du Ehunmilak, eta hirutan, berriz, Goierriko Bi Handiak, 88 kilometroko proba. Baina koronabirusak eragindako osasun krisiagatik, lasterketaren antolakuntzak erabaki du kirol proba bertan behera uztea.
Irudimenaren laguntza hain beharrezkoa den une hauetan, burutazio polita izan zuen Cidek. Etxean ez aspertzeko, pasilloan hasi zen korrika. Hasiera batean, «helburu konkreturik gabe», kontatu du istorio honen protagonistak. Korrika egiteko arropak eta zapatilak jantzi eta «ordu bete egin» zuen lehenik.
Baina, halako batean, hara!: «Ehunmilak etxean egingo dut», esan zion, Olaia Acea haren bikoteari. Denbora pasatzea bakarrik ez, korrika egiteko helburu jakin bat jartzeak, bere buruari botatako desafioa betetzen lagunduko ziola pentsatu zuen.
Umorez, zazpi etapa
Eta hala hasi zen, martxoaren 22an, abiatu zen, pasilloko alde batetik, Beasaingo irteera puntua zela simulatuz Zumarraga eta Urretxu aldera. 20 kilometro egin zituen.
Zazpi etapatan osatu du erronka, astebetean. 19 kilometrokoa izan da etapa laburrena eta 33 kilometrokoa luzeena. Etxeko pasilloak «10 metro» dituela esan du, «kilometro bat egiteko, ehun buelta, beraz 168 kilometro osatzeko, 16.800 buelta» kontatu du barrez.
Sare sozialetan, lasterketaren zuzeneko jarraipena egin ahal izan da eta bertan jarri dituen irudietan ikus daiteke, umorea galdu gabe, probaren une oso esanguratsuak irudikatu dituela. Anoa puntuak ez dira falta izan, ezta ikusleen animoak ere, Txindoki pasatakoan txalapartarien doinuak, eta Azpeitiako anoa puntuan, trikitilariak.
Eta nola ez, egunez eta gauez egin du. Zeren Ehunmilak ultra trailak ere badu berezitasun hori. Arratsaldean abiatu ohi dira lasterkariak eta Tolosa adibidez, gauez pasa ohi dute. Cid-ek ez du dudarik izan, frontala jantzi eta etxeko argia itzalita egin zituen kilometro mordoska bat.
Laguntzailea ere izan du:«Boluntarioen lana egin du Olaiak, anoa puntuak antolatu, animoak eman, zer moduz nindoan galdetu, musika jarri».
Berezkoa du burugogorkeria lazkaotarrak. Ezaugarri hori eta kirola baliatuz, «itxialdian egoteko egun bat gutxiago falta» dela pentsatzen du, «ez baitakigu hau noiz arte luzatuko den». Eta «umorea, hori bai ezin dela sekula galdu»













