Beasaingo azokako produktuak, etxean bertan jasotzeko aukera
Beasaingo Udalak etxez etxeko salmenta sistema jarri du martxan. Baserritarren eta ekoizleen zerrenda argitaratu dute, kontsumitzaileak zuzenean harremanetan jartzeko.
Koronabirus gaitz kutsakorrarak eragindako konfinamentua dela eta, ezinezkoa bihurtu da baserritarren asteroko azokak normaltasunez egitea. Beasaingoaren kasua ere horixe da. Hori dela eta, Beasaingo Udalak “baserritarrek eta lehen sektoreko ekoizleek jasaten ari diren egoera latzari ahal den neurrian konponbidea emateko”, euren produktuak saldu ahal izateko etxez etxeko salmenta sistema jarri du abian.
Honela, Beasaingo azokara joaten diren saltzaileekin eta baserritarrekin harremanetan jarri ostean, etxez etxe salmenta egiteko borondatea agertu dutenekin zerrenda osatu dute. Beasaingo Azoka
Harremanetarako modua
Beasaindarrek eurekin harremanetan jartzeko moduak erabiliz, telefonoz edo posta elektronikoz, eskariak egingo dizkiete eta ondoren aukeratutako egunetan egingo dute banaketa.
Udalaren esanetan, antolaketa honen helburua “garai zail honetan kaltetua suertatzen ari den herriko ekonomia sektore ahul eta hauskorraren egoera arintzea da. Jakina da asteartetako azoka eta hileko lehen larunbateko azoka berezia bertan behera geratu zirela ezarritako osasun alerta eta alarma egoeragatik. Udal gobernuaren lehentasunen artean egon da beti tokiko ekonomia eta merkataritza sustatu, babestu eta laguntzeko ekimenak aurrera eramatea”.