Bertan behera geratu da Segurako Udalerri Euskaldunen Eguna
Maiatzaren 30ean egitekoa zen, Seguran, eta datorren urtera atzeratzea erabaki dute Uemak, Segurako Udalak eta bertako elkarteek eta eragileek.
Maiatzaren 30a aldarrikapen eta festa eguna izatekoa zen Seguran: Udalerri Euskaldunen Eguna, hain zuzen ere, Uemak, Segurak Udalak eta herriko hainbat talde, elkarte eta eragilek elkarlanean antolatuta. Koronabirusaren eraginez sortutako egoerak, ordea, eguna bertan behera uztera eraman ditu. “Izan ere, maiatzaren amaieran jendea bilduko luketen ekitaldiak egitea posible izango den jakin gabe, zuhurrena datorren urtera atzeratzea dela erabaki dute guztien artean”.
Uemak gogorarazi duenez, garai batean urtero antolatzen zen Udalerri Euskaldunen Eguna. “Baina 2016tik aurrera bi urtetik behin egitea erabaki zen, txandaka, urte batean udalerri euskaldunen inguruko jardunaldiak antolatuz, eta hurrengo urtean Udalerri Euskaldunen Eguna eginez”. Uemakoko kide diren 87 herriak biltzearekin batera, “gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da eguna, egitarau zabalarekin”. Azken urteotan, “gainera, udalerri euskaldunen eta arnasguneen berariazko aitortza, babesa eta garapena hizkuntza politika aurrerakoien ardatzetako bat bihurtu da, hainbat erakunderen arteko elkarlanari esker, eta horren isla izan nahi zuen Segurako hitzorduak. Aurtengoak, ordea, datorren urtean beharko du”.
Batzar nagusia, zalantzan
Egun berean batzar nagusia egitekoa zuen Uemak, baina “alarma egoeraren eta osasun larrialdiaren nondik norakoak eguneratzen eta zehazten joan ahala, batzar nagusia egiteko moduan izango den ala hori ere atzeratu behar izango den jakinaraziko die UEMAk hurrengo asteotan ordezkariei, egoeraren araberako informazioa eta irizpideak eduki ahala”.