Aberri Eguna batera ospatzera gonbidatu dute Euskal Herri osoa
Igande eguerdirako balkoietan egin du hitzordua Euskal Herria Batera ekimenak. Ikurrinak eta kantak dira adierazle nagusiak. EH Bildu eta EH Bai batu dira
Koronabirusa dela eta, 2020ko Aberri Eguna berezia izango da, etxetik ospatzera derrigortu duelako hego zein ipar Euskal Herrian bizi den egoerak. Are bereziagoa izango da Aste Santuko igande hau, apiriaren 12a, besteak beste ikurrina eta Nafarroako bandera balkoietan eta leihoetan jarrita Aberri Egun bateratua ospatzeko deia egin dutelako hainbat eragilek, Euskal Herria Batera ekimenean batuta.
Atxikimendu ugari jaso ditu deialdi horrek, tartean EH Bildu eta EH Bai koalizio politikoena; EAJ-k Aberri Eguna bere aldetik ospatuko duela iragarri du. Podemos Euskadik gaur jakinaraziko du nola ospatuko duen.
Ikur kolektibo bat osatuz
Arlo, ideologia eta herrialde ezberdinetako27 lagunek osatu dute Euskal Herria Batera. Kide horietako bat den Angel Oiarbide idiazabaldarrak azaldu duenez, Aberri Egun bateratu bat egiteko asmoa aspaldikoa da, eta aurretik izan dira saiakera batzuk, baina aurten egoera berezia da: «Batetik, beste urteetan bezala ezingo gara kalera edo plazara atera; bestetik, euskaldun guztiak etxean egonda, Aberri Eguna zer den ezagutzeko aukera izango dute aurretik ezagutzen ez dutenek». Beraz, aurten baldintzak bete dira «euskal nazioaren eguna Euskal Herri osoan eta batera egindako keinu batekin ospatzeko»,
Oiarbidek azaldu du proposatu duten Aberri Egun bateratuak hiru zati izango dituela. Batetik, egun horretarako balkoiak kohesio gune bihurtu eta «batzen gaituzten ikurrez hornitzea» eskatu dute. Bestetik, 12:30ean hasita, hiru kantaren inguruko ekitaldia izango da: «Lehenik, Xalbadorren heriotzean abestiaren doinuarekin lagunduta, minutu bateko ixilunea egin eta dolua trasmitituko dugu; ondoren, begirunea adieraziko diegu lehen lerroan lanean ari direnei Txoriak txori kantarekin; eta bukaeran, Ikusi mendizaleak abestuko dugu, euskaldunon kohesiorako bitartekoa izan daitekeen abestia». Horrez gain, «elkartasun mezuak helaraziko dizkiegu modu batera edo bestera sufritzen ari direnei», argazkiekin osatutako mosaiko digital baten bidez. Horretarako, aberrieguna2020.eus webgunera jo behar da.
EH Bildu eta EH Bai
Euskal Herria Baterak egindako deialdiari baiezkoa esan diote EH Bilduk eta EH Baik, eta deialdi berezi bat luzatzen die «euskal jendarteari igandeko ekimenean parte hartzeko».
Bi koalizio politikoek diotenez, koronabirusaren pandemiaren aurrean beharrezkoa da «Euskal Herriak duen indarra» erakustea, eta burujabetza aldarrikatu dute, «horrek bermatuko digu herri gisa bizirik segitzea eta aldi berean gizarte justuago bat eraikitzeko baliabideak eskuratzea».
EAJ, bere aldetik
EAJk, bere aldetik, «ongietorria» egin die «Aberri Egunaren ospakizun guztiei», baina ikurrina leihoetan eta balkoietan jartzeko deialdi propioa egingo duela adierazi du, «azken 88 urteetan egin dugun bezala». Aberri Eguna EAJk 1932an sortu zuela gogoratu dute, eta harrezkero urtero ospatu duten bezala, aurten ere ikurrinak jartzeko deialdia egingo dutela iragarri dute, «arrazoi gehiagorekin» gainera. Gaur bertan, igandeari begirako alderdiaren ohiko adierazpena kaleratuko dute.