Bederatzi positibo kasu gehiago Goierrin, 170 denera
Zumarragan lau kasu gehiago izan dira, Ordizian eta Beasainen bina gehiago, eta Lazkaon bat. Zumarragako Ospitalean koronabirusak jotako lau eriri sendagiria ematen diete, eta gaur-gaurkoz 14 daude ingresatuta.
Apalagoa izango da gaur koronabirus gaitzak kutsatutako positibo kasuen igoera Goierrin. Osasun sailaren gaurko txostenaren arabera, atzo 9 kasu gehiago zenbatu zituzten. Dagoeneko 170 dira COVID-19 gaitzak kutsatutako goierritarrak
Zumarragan eman da igoerarik nabarmena, 4 kasu gehiago atzemanda. Ordizian eta Beasainen bina kasu gehiago daude, eta Lazkaon bat gehiago. Goierriko gainontzeko herrietan ez kasu positibo gehiagorik eman azken 24 orduetan.
Datu baikorrik ere bada. Zumarragako ospitalean 14 herritar daude gaur-gaurkoz ingresatuta koronabirus gaitzak jota, baina lauk sendagiria jaso dute –atzo 18 zeuden ospitaleratuta–.
Gipuzkoan 57 positibo kasu gehiago atzeman dituzte azken 24 orduetan, 1.803 dira guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 10.103. Guztira 27.639 test egin da guztira. Hildakoak, berriz, 729 dira EAEn, horietatik 14 Goierrin.
Hauek dira Goierriko datuak, herriz herri:
- Ordizia …………………. 53 (+2)
- Beasain ………………… 32 (+2)
- Zumarraga ………….… 30 (+4)
- Legazpi……….…………. 17 (=)
- Urretxu……..…………… 10 (=)
- Zegama………………….. 6 (=)
- Legorreta……………….. 5 (=)
- Lazkao…………………… 4 (+1)
- Ataun ……………………. 3 (=)
- Idiazabal ……………..… 2 (=)
- Mutiloa ………………….. 2 (=)
- Zaldibia ………………… 2 (=)
- Arama …………………… 1 (=)
- Itsasondo….……………. 1 (=)
- Olaberria ……………….. 1 (=)
- Segura …………………… 1 (=)
- GOIERRI…………….. 170 (+9)