Eta konfinamendua noiz arte?
Alarma egoera apirilaren 26a arte luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak, eta Pedro Sanchezek aurreratu du luzapen gehiago egon daitezkeela. AEBetako kontsultora baten arabera, berriz, ekainaren 1era arte luzatuko da gutxienez.
Espainiako Diputatuen Kongresuak jakina zena berretsi zuen atzo. Hego Euskal Herrian apirilaren 26a arte iraungo du koronabirusak eragindako alarma egoerak –bigarren luzapena da–, eta Pedro Sanchezek argi utzi zuen neurri hori hirugarrenez luzatzeko aukera mahai gainean dagoela. Neurriaren alde 270 diputatuk bozkatu zuten (PSOE, PP, Ciudadanos eta EAJ tartean), 25ek abstentziora jo zuten (JxCat, ERC eta EH Bildu) eta 54k aurka bozkatu zuten (VOX eta CUP).
Agintariak “normaltasunera itzulera” prestatzen ari dira, baina Sanchez aurreratu du dagoeneko Espainiako Gobernuaren aholkulari dabiltzan zientzialariek egoki ikusi arte ez duelako indargabetuko alarma egoera. “Kasuen igoera gogorra izan da, baina hura bezain gogorra izango da jaitsiera, arrisku berriak baitakartza berekin”. Apirilaren 26an konfinamendua beste hamabost egunez luzatuko dela dioten ahotsak gero eta ugariagoak dira, maiatzaren 10a arte.
Txosten baten arabera, ekainaren 1era arte gutxienez
Baina AEBetako kontsultora batek ondu duen txostenak are gehiago luzatzen du alarma egoera Espainian, eta horrenbestez baita Hego Euskal Herrian ere. Kontsultora horrek munduko herrialde guztiei begirako proiekzio bat egin du Txinako Hubei herrialdeko esperientzia oinarri hartuta –Wuhan probintzia horretako hiri bat da–, eta haren kalkuluen arabera, ekainaren 1era iraungo dute gutxienez alarma egoerari lotutako neurriek Espainian, alarma egoera deklaratu zenetik 11 astera.