Ordiziako San Jose egoitzan heriotza gehiago
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, 11 egoiliar hil dira Gipuzkoako adineko egoitzetan, tartean Ordiziako San Josekoan, baina ez du datu zehatzik eman. Era berean, gaur arte 21 sendatu direla nabarmendu du.
Heriotzak ate joka jarraitzen du Ordiziako San Jose egoitzan. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, 11 lagun zendu dira gaur Diputazioak kudeatzen dituen Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, tartean Ordiziakoan, baina ez du kopuruaren datu zehatzik eman. Ordiziako zentroan ez ezik, GSR Aretxabaleta egoitzan, Hondarribiako Caser Residencial Betharramen, Donostiako Berran, Tolosako Iurreamendin eta Arrasateko Iturbiden izan dira hildakoak. Guztira 15 zentro daude Gipuzkoan Covid-19 kasu positiboak dituztenak, izan ere, duela bi egun Irungo Ama Xantalen positibo emandako pertsonak negatibo eman du ospitalean errepikatutako frogan, beraz, ez du kasu positiborik egoitza honek.
Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako egoeraren eguneko balantzea egin du eta azpimarratu du gaur 12 pertsona gehiagok jaso dutela alta, beraz, guztira 21 dira gaur arte sendatu diren pertsonak Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan. Hala ere, 11 hildakoez gain, 19k positibo eman dute. Beraz, guztira, 5.424 pertsona artatzen diren Gipuzkoako 65 egoitzetan, 67 heriotza eman dira, 275 daude Covid-19n positibo emanda eta 21 sendatu dira. Guztira, 38 pertsona daude Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan eta 31 ospitaleratuta.
Ordiziako Udalak atzo iluntzean kaleratu zuen oharrean zioen San Jose egoitzan dagoela koronabirusaren Ordiziako foku nagusia.