Ordiziako Udalaren oharra Covid-19ko positibo kasuen gorakada dela eta
Igoera hori San Jose egoitzan proba gehiago egin direlako dela baieztatu du udalak, eta "foku hori" dela herriko datuetan eragin zuzena duena.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak egunero-egunero ateratzen duen txostenaren arabera, Ordizian 22 kasu positibo gehiago zenbatu ziren herenegundik atzora bitarte. Kopuru handia da hori 24 ordu eskaserako. Ordiziako Udalak ohara bat atera zuen atzo iluntzean igoera horri buruzko azalpenak emateko: “Proba gehiago egin direlako izan da, hain zuzen ere San Jose egoitzan. Aurretik adierazi genuen egoitzan egoera larria zela, Covid-19 positiboak dagoeneko antzeman zirelako, eta tamalez foku hori da herriko emaitzetan eragin zuzena duena”.
Ordiziako Udalak gogoratu du Diputazioaren Kabia organismo autonomiaren esku dagoela San Jose egoitza, eta “beharrezko diren baliabide guztiak” jar ditzala exijitu dio, eta Osasun sailari berriz, egoitzako langileei izaera sanitarioa aitor diezaiela eta babes material berezia bana diezaiela. Egoitzako langileei babes osoa adierazi die udalak, eta jakinarazi du haien eskura dituztela gaur egun itxita dagoen eguneko zentroa eta baita beste hiru larrialdi etxebizitza ere.
Honela dio, hitzez hitz, Ordiziako Udalaren oharrak:
ORDIZIAKO UDAL GOBERNUAREN OHARRA COVID-19 BIRUSAREN INGURUKO ARGITARATUTAKO AZKEN DATUEN AURREAN.
Egunotan Eusko Jaurlaritzak ateratzen dituen estatistiken zain zaudete ordiziar asko, herriko egoeraren berri izateko. Egun batetik bestela sekulako jauzia eman da Ordiziako positiboetan, eta hori proba gehiago egin direlako izan da, hain zuzen ere San Jose egoitzan. Aurretik adierazi genuen egoitzan egoera larria zela, Covid-19 positiboak dagoeneko antzeman zirelako, eta tamalez foku hori da herriko emaitzetan eragin zuzena duena.
Ordiziako San Jose egoitza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikita dagoen Kabia organismo autonomoaren esku dago eta Ordiziako Udal Gobernutik exijitzen diegu beharrezko diren baliabide guztiak jar ditzatela San Jose egoitzan bizi den egoerari aurre egiteko eta Osakidetzari, egoitzan etxeko ospitalizazio egoeran dauden positibo kopurua ikusita, bertako langileei izaera sanitarioa aitor diezaiela, eta kasu horietarako babes material berezia bana diezaiela.
Era berean, egoitzan lanean diharduten pertsona guztiei gure babesa eskaini nahi diegu, eta euren eskura jarri ditugu gaur egun itxita dagoen eguneko zentroa, eta beste 3 larrialdi etxebizitza, etxera itzuli nahi ez duten langileak bertan geratzeko aukera izan dezaten.Bukatzeko, egoitzan senideren bat duten familia guztiei besarkada eta elkartasunik handiena helarazten diegu.