Zankarroiz betetako piperrak
Urretxuko Apain jatetxeko Margarita Arrutik, errezeta eder hau ekarri du: Zankarroiz betetako piperrak
- 500 gr zankarroi
- Litro bat esne
- 250 gr irin
- Esne-gain zorrotada bat
- Pikillo piperrak
- Etxeko tomate saltsa
- Tipula bat
- Olioa
- Gurina
- Gatza
Prestaketa
Lehenik zankarroia ondo egosi. Haragia samurtu denean txikitu edo papurtu.
Tipula txikitu eta zartagin batean olioarekin gorritzen jarri. Eginda dagoenean zankarroia gehitu.
Bexamela
Kazola batean koilarakada bat gurin urtu, bertan irina pixka bat egin eta nahasteari utzi gabe esnea poliki-poliki gehitzen joan. Nahasten aritu bexamela egin arte.
Egin denean tipularekin dugun haragia gehitu, nahastu eta gatz puntua eman, behar badu.
Orea epeldu edo hoztu denean, pastelgintzako mahuka bat erabiliz, pikillo piperrak banan-banan bete.
Saltsa
Kazola batean etxean egindako tomatea jarri eta esne-gaina gehitu; nahi izanez gero piperbeltz zuria ere bai. Sutan gozatzen eduki.
Ondoren haragiz betetako pikillo piperrak bertan sartu, berotu bat eman eta jateko prest daude.
SUKALDARIA: Margarita Arruti
Duela 14 urte hartu zuen Margari Arrutik Urretxuko Apain jatetxearen ardura, Axier Zubillagarekin batera. Aurten Ezkioko Topa ostatua ere bere gain hartu dute.
Barazkirik finena? Borraja.
Arrainik goxoena? Legatz kokotea, eta batez ere, burua.
Haragirik gustukoena? Txuleta.
Otordu bat ondo bukatzeko? Ez naiz gozo zalea, baina, txokolatea ez den edozein postre.
Edari bat? Baserrian egindako sagardoarekin biziatuta nago.
Derrigorrezkoa duzun espeziea? Piperbeltz zuria. Kurria ere oso gustuko dut.
Zein duzue kartako plater izarra? Eltzekoak orokorrean: patatak errioxar erara, haragi gisatua…
Sukaldari bat? Urki Balerdik prestatutako otordua jan dudanean, asko gustatu izan zait.