Ordiziako San Jose egoitzaren egoerak larria izaten jarraitzen du
EiTBk zabaldutako informazioaren arabera, 14 pertsona hil dira dagoeneko azkeneko hilabetean Ordiziako adinekoen egoitzan, horietako 7 koronabirusarekin. Gainera, bertako langileek gaitzari aurre egiteko neurriak berandu iritsi direla salatu dute, zabor poltsekin babesten direla gehituz.
Eider Mendoza foru bozeramaileak jakitera eman duenaren arabera, bederatzi pertsona gehiago hil dira Gipuzkoan azkeneko 24 orduetan. Zendutako egoiliarrak Ordiziako San Josen, Zarauzko Santa Anan, Eibarko San Andres eta Egogainen, eta Donostiako Berran bizi ziren. Gipuzkoako egoitzetan gaixotu diren egoiliarretik bostek gainditu dute gaitza.
Ordiziako San Jose egoitzaren egoera larria dela azpimarratu du EiTBk. San Josen dauden 50 egoiliarretatik 10ek soilik eman dute negatibo Covid-19an. EiTBk zabaldutako informazioaren arabera, 14 pertsona hil dira dagoeneko azkeneko hilabetean Ordiziako adinekoen egoitzan, horietako zazpi koronabirusarekin. Gainera, bertako langileek gaitzari aurre egiteko neurriak berandu iritsi direla salatu dute, zabor poltsekin babesten direla gehituz. Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikita dagoen Kabia organismo autonomoaren eskutik, abandonatuta sentitzen direla aitortu du bertako osasun langile batek. Bestalde, babes jantziak nola jantzi eta erantzi erakusten duen Osakidetzako kurtsoa atzo jaso zuten. San Jose egoitzako 13 langilek positibo eman dute Covid-19an Ordiziako Udalak apirilaren 9an zabaldutako oharraren arabera. Langile berriak kontratatu dituzte hutsune horri aurre egiteko.
Bukatzeko, Ordiziako Udalak babes materiala eta Foru Aldundiaren eta Kabiaren laguntza eskatu du. Horrez gain, hutsik dagoen eguneko zentroa eta beste hiru larrialdi etxebizitza jarri ditu eskura etxera bueltatu nahi ez duten langileentzat.