Lanera joateko garraio publikoa erabili dutenen artean maskarak banatu dituzte
Ordizian eta Zumarragan, tren eta autobus geltokietan, 06:00etatik 10:00etara banatu dituzte erabilera bakarreko maskarak.
Ehundaka langile lanera itzuli dira gaur Goierrin, ezinbestekoak ez diren alorretan. Lanera joateko garraio publikoa erabiltzen ari direnen artean maskarak banatzen ari dira gaur. Banatzen ari diren maskarak erabilera bakarrekoak direla eta ezin direla garbitu esan dute osasun agintariek.
Goizean, 06:30eak inguruan, Ordiziako tren geltokiko atarian zeuden Babes Zibileko boluntarioak. Geltokian sartu eta autobusa hartu duten pertsonei banatu dizkiete maskarak. Boluntario hauen hitzetan “gaur, bereziki nabaritu da jende mugimendu gehiago, azkeneko egunetako lasaitasunaren ondoan”.
Zumarragan, DYAkoak izan dira tren eta autobus geltokian maskarak banatzen aritu direnak. Goizeko lehen orduan hasi dira, 06:00etatik eta 10:00ak arte egin dute banaketa.
Hurrengo egunetan ere maskara banaketak egingo dituzte geltoki nagusietan.