Maite Lardizabal: "Zorte pixkatekin hortxe izango gara, edo hori nahi nuke pentsatu"
Aste Santuko eta Pazko Asteko oporraldia Goierri bisitatzeko baliatzen dute askok. Maite Lardizabal Ataungo Aldarreta nekazalturismoaren arduraduna da eta Koronabirusaren krisiak haren jardueran izandako eraginaren inguruan mintzatu da. Gainera esan du, "familia eta lagunak" ikustea ematen duela faltan gehien.
Aste Santua eta Pazko Astea bisitariak hartzeko garaia beharko luke Aldarreta nekazalturismoan.
Koronabirusaren krisiak, bete-betean harrapatu gaitu. Aste Santuko erreserbak, baita Pazko Astekokoak ere, eta hortik aurrerako guztiak bertan behera gelditu dira. Momentuz, apirilaren 26 arte itxita izango dugu nekazalturismoa, hortik aurrera, ikusiko dugu noiz arte.
Aurreko urteetan, nolakoak izan dira egun hauek?
Aste Santua eta Pazko Astea beti beteta izan dugu nekazalturismoa. Aurtengo hau berezia izango da, denontzako.
Nongo bisitariak etortzen dira gehien?
Kataluniakoak, Madrilgoak eta Valentziakoak. Data hauetan, leku horietatik datoz gehien. Familiak izan ohi dira. Pazko Astean, oraindik, haurrek ez dute eskolarik izaten, eta familia osoentzat opor egun onak izaten dira. Bikoteak ere asko etortzen dira. Sagardotegi garaia ere bada, eta batzuk ideia horrekin ere etortzen dira. Inguru hau ezagutzera datozenak dira gehienak.
Uda partean berriz, kostaldera ere gerturatzen dira, hondartzak bisitatzera. Itsasora iristeko zenbat kilometro dauden galdetu ohi dute askok.
Baina, data hauetan datozenak Goierri ezagutzera datoz; paisaia, gastronomia, aisia…
Egun arraroak izaten ari dira guztiontzat. Zuk zer ematen duzu faltan gehien?
Senideak, lagunak, ama, haiek bistatzera joateko askatasun falta hori. Menditik edo beste toki batzuetatik bueltatxo bat lasai egin ahal izatea. Hori ematen dut faltan gehien. Bestela, baserrian ez da lanik falta, nahiz eta nekazalturismoa itxita eduki. Garbiketa lanak, pintaketa lanak, horrelako lanak egiten ari gara. Berriro bezerorik izango dugun ez dakit, baina beno! Pixka batean ez seguru asko, baina lanak aurreratzen ari gara.
Etxetik ateratzeko baimena iristen zaigunean zer egingo duzu lehenengo?
Etxekoak bisitatu. Hilabete da ama ikusten ez dudala. Senide asko gara eta erramu egunean denak elkartzeko ohitura dugu. Baina hori ere bertan behera gelditu da aurten. Etxekoak ikusteko gogoa dut.
Zuen jarduerari nola eragiten dio osasun krisiak?
Baserriko lanari ez dio eragiten, beti dago zerbait egiteko. Turismoari dagokionez, itxita. Zegamako Maratoia eta Ehunmilak bezalako kirol probak bertan behera geratu izanak ere eragiten digu. Data horietarako erreserbak eginda zituzten bezeroek, eta guztia bertan behera gelditu da. Eragin handia izango du.
Hau guztia hasi aurretik, zertan ari zinen gogoan duzu?
Momentu hartan, Lazkaoko Maizpide barnetegiko ikasleak nituen Aldarretan. Aste guztia igarotzen zuten hemen. Martxoaren 13an itxi zuten Maizpide eta nekazalturismoa ere hustu zen.
Etorkizun hurbila nola ikusten duzu?
Beltz xamarra, baina gure alojamendua txikia izanik, agian abantaila izan daiteke. Zorte pixka batekin hortxe izango gara, edo hori nahi nuke pentsatu.