Danborradarako entsegua egin dute Legazpin
Santikutz jaietako danborradako antolatzaileek balkoietan eta leihoetan danborrak jotzeko deia egin dute; atzo egin zen lehen entsegua, hurrengoa hilaren 28an da.
Koronabirusaren eraginez Legazpiko Santikutz jaiak irailera atzeratu dira aurten, baina legazpiarrek ez dute ahaztu berez maiatzean ospatzekoak zirela eta, besteak beste, txikien eta helduen danborradetarako entseguak hasita egongo zirela dagoeneko. Aurtengo danborradak noiz egingo diren oraindik zehazteke badago ere, eta konfinamendua zerbait arintzeko asmoz, entseguekin hastea erabaki dute antolatzaileek legazpinsortzecovidea.com webgunearen bitartez, eta bi deialdi egin dituzte, bata atzo iluntzerako eta bestea apirilaren 28rako.
Atzoko deialdiari erantzunez, 20:05ean herritar ugari elkartu zen entsegura balkoi eta leihoetatik danborrekin eta etxean zituzten lapiko eta bestelakoekin, legazpinsortzecodea.com webgunean zuzenean emititutako martxen doinuak lagun. Zuzeneko emisio horretan Cesar Carballo eta Ane Garmendia zuzendari lanetan aritu ziren.
Hurrengo entsegua apirilaren 28an izango da, 20:05ean.