Haurrak kalera atera ahal izango dira apirilaren 27tik aurrera
Alarma egoera maiatzaren 9a arte luzatzeko proposamena egin du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Haurren konnfinamendua arintzeko neurriak modu neurtuan eta gizarte-urruntzea bermatuz egingo dela aipatu du.
Pedro Sanchezek alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatzeko proposamena egingo duela iragarri berri du. Koronabirusa Europako herrialde garatuetaraino iritsi da eta Espainia mailan, kutsatuetako %42 sendatu dela aitortu du. Hasieran, koronabirusagatik kutsatutako pertsona batek beste hiru kutsatzeko arriskua zuela azpimarratu du, gaur egun ordea, gaixo batek beste bat kutsatzera ia iristen ez dela esan du.
Hobetze hori, sei asteko konfinamenduari esker izan dela argudiatu du. Hala ere, hurrengo asteetan zehar, alarma egoerak hainbat aldaketa jasango dituela iragarri du. Psikologia adituen, pediatren eta bestelako adituen aholkuak entzun ondoren, apirilaren 27tik aurrera haurren konfinamendua arintzeko neurriak hartuko direla aitortu du. Modu neurtuan eta gizarte-urruntzea bermatuz egingo dela aipatu du, lan jardueran egin den moduan. Kalera irtete horien segurtasun irizpideak datozen egunetan zehaztuko dituzte, zientzialari batzordearekin adostuta.
Hala ere, Espainiako Diputatuen Kongresuak apirilaren 22an berretsi beharko du proposamen hori, eta bihar goizean bertan, Espainiako Autonomia Erkidegoetako presidenteei jakinarazi dizkie proposamen hauek guztiak. Kutsatze arriskua berriz ere azaleratzen bada, konfinamendu neurriak zorroztuko dituztela azpimarratu du.
Alarma egoera ezberdinak
Espainiako Gobernuko presidenteak esan du “alarma egoera ezberdinak” etorriko direla aurrerantzean ere, eta maiatzean zehar neurri berriak etorriko direla, beti ere, “tentuz eta progresiboki” hartuak. “Osasun sistemak eustea lortu du, denon ahaleginari esker ari gara egoera hau gainditzen. Diziplinarekin zailena lortu dugu, muturreko momentuak atzean utzi ditugu”. Lorpen horiek ez direla nahikoa ere esan du ordea, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako 6 oinarriak hartuko dituela kontuan.
Bi kontzepturi ere bereziki egin die erreferentzia: Berreraikitzea eta batasuna. “Ez dago etorkizunik elkartasunik gabe”, nabarmendu du. Autonomia erkidegoek, eta udalek bereziki , deskonfinamendu garaian ardura berezia izango dutela ere adierazi du Sanchezek.