Txindokira eta Jaizkibelera igo dira Aritz Egea eta Ainhoa Sanz
Salomonek antolatutako #Coronacimas erronka onartu eta Txindokira eta Jaizkibelera igo dira bi korrikalariak. Etxetik atera gabe, 1.346 metro eta 545 metro desnibela igo dute, hurrenez hurren.
Salomonek antolatutako #Coronacimas erronka egin dute gaur Ainhoa Sanz eta Aritz Egea goierritarrek. Haientzat berezia den tontor bat aukeratu eta mendiaren garaiera, lasterketa egiteko zintaz edo kaxa batzuen bitartez, gainditu dute.
Ainhoa Sanzek Jaizkibel mendia aukeratu du bertan lagun batekin ordu asko igarotzen zituelako eta oroitzapen politak dituelako. Bi kaxaz baliatu da 545 metroko desnibela igotzeko. 1.323 aldiz igo da kaxa gainera, 50eko txandak eginez, ezker eta eskuin.
Egeak, bestalde, Txindoki aukeratu du. 11 kilometro baino gehiago igaro ditu %12 maldarekin. Argi utzi du, etxean konfinaturik egotea ez dela gauza berriak egiteko aitzaki.