Dantza eguna ere, balkoian
Igandean balkoiak dantzarako osagarriez apaintzeko deia egin dute Goierriko dantza taldeek. Argazki bilduma osatu nahi dute. Ikastaro birtuala, gaurtik
Goierriko dantza taldeek dantzan jarri nahi dituzte balkoiak igandean, hurrengo asteko asteazkenean, apirilaren 29an ospatuko den dantzaren nazioarteko egunaren aitzakian. Balkoiak dantzari lelopean, dei egin diete Goierriko dantzari guztiei igande honetan, apirilak 26, etxeetako balkoiak alpargata, albarka, txapel eta zapiekin apaintzeko eta baserritarrez edo norberaren taldeko kamisetez jantzita, argazki horizontal bat ateratzeko. Argazkiak 609 120 501 telefono zenbakira bidali behar dira, astearteko 12:00ak baino lehenago. Iristen diren irudi guztiekin bilduma handi bat osatzeko asmoa dute.
Ekimen honetara Goierriko dantza talde gehienak batu dira, baina datozen orduetan gehiago ere izango dira seguruenik. Hauek dira momentuz atxikitutakoak: Legorretako Irrintzi Alai, Segurako Azpilla, Urretxuko Lurra, Idiazabalgo Axari, Beasaingo Ostadar eta Aurtzaka, Gabiriako Goruntz, Zeraingo Solkie, Lazkaoko Oin Arin, Zaldibiako Iztueta, Ataungo Otsoak, Ordiziako Amets Bide eta Zegamako Tobera.
Dantza ikastaro birtuala
Dantzarekin zerikusia duen beste ekimen bat ere jarriko da martxan Urretxun eta Zumarragan, gaur bertan hasita. Bi herrietako udalek dantza ikastaro birtuala antolatu dute, Oihane Vicenteren gidaritzarekin.
Etxean gelditzea egokitu den une honetan kultura ez dela gelditzen diote bi udalek, eta «espazio fisikoan aritu ezin garen arren, espazio birtualaz baliatuko gara hainbat jarduera gauzatzeko». Dantza Etxean izenez bataiatu duten jarduera da horietako bat. Gaur bertan jarriko dute martxan Oihane Vicente begiralearekin, 14:00etan.
Ordu horretan, dantza ikastaro saio bat igoko dute sareetara, bideo labur formatuan, eta nahi duen edonoren eskura egongo da. «Edozein pertsonarentzat pentsatutako dantza saioa» dela azaldu dute, haur, gazte edo nagusientzat, eta bakarka ala taldean jarraitzeko modukoa.
Argazkiak ateratzeko ere eskatu dute, gero bi udalen webguneetan eta sare sozialetan argitaratzeko, baita zelaiarizti.eus webgunean ere.