Balkoietan eta pantailetan ospatuko dira aurten maiatzeko Santikutzak
Legazpinsortzecovidea ekimenak 'Santikutz birus jaiak' prestatu ditu. Udalak festak bideo eta argazki bidez ospatzeko gonbitea egin du. Balkoietan, Legazpiko armarria
Legazpin hastera doaz aurtengo Santikutzak. Koronabirusak eragindako krisiak ohiko festak, kalekoak, bertan behera utzi ditu, baina ez du legazpiarren animoa zapuztu, eta balkoiak eta pantailak prest daude gaur arratsaldeko txupinazoaren ondoren etorriko direnaz gozatzeko. Udalak eta legazpinsortzecovidea.com ekimenak hainbat proposamen luzatu dituzte egun hauetarako, eta legazpiaren leihoak eta balkoiak, jaiak direla gogoratzeko Legazpiko armarriz beteta daude. Zer gehiago behar da?
Herri ekimeneko jaiak
Legazpiar geldiezin batzuk bultzatuta martxoaren 21ean martxan jarritako legazpinsortzecovidea.com webgunearen aldetik dator Santikutzak ospatzeko gonbidapenetako bat. Koronabirusaren krisi garaian herriko sortzaileei plaza emateko asmoz sortutako ekimenak izan duen harrera ona ikusita, arduradunek plaza birtual hori baliatu nahi izan dute herritarrei jaiez gozatzeko aukera berezi eta desberdina eskaintzeko. Hori dela eta, gaurtik igandera arteko egitarau bat prestatu dute, Santikutz birus jaiak izenpean.
Etxeetako leihoak eta balkoiak eta ordenagailu zein telefonoetako pantailak izango dira topagune nagusia. Ez da ezer faltako: pregoia eta txupinazoa gaur bertan irakurri eta botako dituzte, eta danborradak, musika, kultura, gastronomia, euskara, bertsoak… denetik gotzatzeko aukera izango da. Ekitaldi batzuk bideoz bakarrik jarraitu ahal izango dira, baina bete batzuk balkoietatik zuzenean, kalean zehar kamioi baten gainean musikariak ibiliko direlako, esate baterako.
Udala, iazkoa gogoratuz
Koldobike Olabide alkateak «pozik hartu du herritarrek jaiak ospatzeko egindako proposamen hori, «Legazpi herri bizia eta dinamikoa» dela erakusten duelako, eta udalak ere bere proposamena baduela gogoratu du. Hala, gaurtik udaletxeko balkoia festetarako apainduta dago, baina Legazpiko bandera masta erdian jarrita egongo da, «koronabirusak eragindako heriotzak gogoratzeko». Bestetik, udaleko legazpi.eus webgunean iazko festetan aterako bideoak eta argazki bildumak jarriko dituzte ikusgai, «aurten ere herriko jaiak goza ditzagun baina, hori bai, etxetik».
Santikutzak irailean ospatzeari buruz, berriz, oraindik ez dela ezer ziurtatu adierazi du, «ez dago gure esku, egunetik egunera ikusiko dugu». Momentuz, irailaren 14a izendatu dute aurtengo herriko jai egun nagusi, Santikutz eguna hori ere.
Armarria balkoietan
Aurtengo Santikutzek izango dute beste berezitasun bat, balkoi asko eta asko Legazpiko armarriarekin apainduta izango direlako, herriko Zuzen enpresaren ekimen bati esker.
Zuzeneko Josu Morenok azaldu duenez, urteak dira Santikutz jaietan balkoietan jartzeko armarriak egiten dituela olanezko oihalean, baina aurten, eskaria inoiz baino handiagoa izan du. Festak balkoietan ospatu beharrak sortu duen abagunea baliatuta, sare sozialen bidezko eskaintza berezia egin zien herritarrei, eta erantzuna ezin hobea izan da. Atzo, 300 armarri baino gehiago zituen salduta, eta gaur oraindik enkarguak egin daitezke. Gazi-Gozo dendan jaso behar dira. Armarria beix koloreko oihalean dago egina; 80×60 zentimetrokoa da, eta lau zulo ditu, balkoietan lotzeko prest. §prest.a hurrengoak testua bigarrengo parrafoa eta hurrengoak.