San Inazio auzoan hiri azpiegitura berdea egiteko obrak hasi dituzte
Legazpiko Udalak eta Gipuzkoako Urak-ek sustatu dituzte lanak. Europar Batasuneko 'Life: Good Local Adapt' programaren laguntza dute. Astelehenean hasita, hiru hilabete iraungo dute
San Inazio auzoko kale nagusia itxita dago trafikoarentzat astelehenaz geroztik, eta Artzamendi SL enpresak lanean jarri ditu hondeamakinak eta bestelakoak. Europako Life: Good Local Adapt programari jarraituz, Legazpiko auzo hau urbanizatzeko obrak hasi dituzte.
Urbanizazio berdea du oinarrian proiektu honek, eta klima aldaketara egokitzeko irtenbide berritzaileen erabilera da bere ezaugarri nagusia. San Inazioko 5. ataritik 15.enerako tartean burutuko dituzte lanak, hau da, Olazabal institutuko bidegurutzetik aldaparainoko gunean, eta begiratokia ere hartuko dute. Lanek hiru hilabeteko iraupena izango dute.
Europako laguntza
Legazpiko Udala Life: Good Local Adapt programan ari da parte hartzen 2017tik Balmasedako eta Amurrioko udalekin bateraren, eta bertatik iritsi da San Inazio auzoan hiri azpiegitura berde hau egiteko proposamena. Horregatik, hain zuzen, finantzatuko du lanen kostuaren % 59,14a Europar Batasunak.
Gainerakoa, udalaren eta Gipuzkoako Uraken artean ordainduko dute, 549.945,92 euro guztira, gehi BEZa; udalak 291.655 euro jarriko ditu, eta Gipuzkoako Urak 90.299 euro.
Lau ardatz
San Inazioko urbanizazio proiektu hau lau ardatzetan banatu dute. Batetik, auzoko hiri eremua oinezkoentzako gunez hornituko dute eta errepideko zorua berrituko dute, zoladura iragazkorra jarrita. Zoladurarako kolore argiagoa erabiliko dute gainera, udan tenperatura murrizteko asmoz. Oinezkoen eta autoaren bizikidetza eremua izango da emaitza, eta bertan murriztu egingo da ibilgailuen abiadura.
Bigarrenik, zuhaitz berriak landatuko dituzte, bioerretentziorako txorkoekin. Bestetik, behatokiaren azpialdeko plazan dagoen bioerretentzio gunera eta metaketa depositura bideratuko dituzte euri urak. Lan horrekin, etxebizitzen hormetako hezetasunak murriztu nahi dituzte, eta bildutako ur horiek ureztatzeko berrerabili ahal izango dira.
Amaitzeko, plaza horretan bertan dagoen haur parkean egurrez eta landarez egindako pergola bat eraikiko dute.