Goierrin EH Bildu izan da alderdirik bozkatuena, EAJri 838 botoko aldea aterata
Duela lau urteko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeekin alderatuta, EAJk 1.200 boto galdu ditu eskualdean, EH Bilduk berriz, 500 irabazi. Abstentzioa nabarmen igo da.
Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak egin dituzte gaur, COVID-19ak markatuta. Abstentzioak nabarmen egin du gora 2016ko hauteskundeekin alderatuta, ia 5 puntu gehiago, Gipuzkoa mailako datuen arabera. Goierrin EH Bildu izan da alderdirik bozkatuena, 12.036 botorekin, duela lau urte baino 500 gehiago. EAJk behera egin du, eta 11.198 botoan kokatu da, 2016tik 1.300 boto galduta. Hirugarren eta laugarren indarren artean ere aldaketa izan da. Elkarrekin-Podemos 4 mila bototatik 1.765era jaitsi baita. PSE-EEk berriz aurrekoetan galdutako boto ugari berreskuratu ditu, 3 mila botoen langa gaindituz.
Herriz herriko azterketa eginda, EH Bildu izan da bozkatuena 22tik 16 herritan, tartean Lazkao, Legazpi eta Ordizia bezalako herri hazietan, baita herri ertain gehienetan ere, hala nola Ataunen, Legorretan, Seguran, Zaldibian eta Zegaman. EAJk berriz, gainontzeko herri handietan irabazi du, Beasainen, Urretxun eta Zumarragan, baita Idiazabalen eta Olaberrian ere. PSE-EEk ez du lortu Zumarragan udal hauteskundeetan lortzen duen adinako boto kopururik, eta hirugarren indarra izatera pasa da, EAJren eta EH Bilduren atzetik.