Biharko azokan, arropa eta oinetako saltzaileak plazan jarriko dira
Konfinamendu garaian bi hilabete luzez egon ziren azokara joan gabe; maiatzaren 29an Haztegi ikastolako patioan jarri zituzten postuak, eta duela bi astera arte bertan egon dira. Joan den ostiraletik, berriz ere Euskal Herria plazan dira, baina distantziak mantendu behar direla eta, beste kokapen batekin.
Legazpiko ostiraleko azoka normaltasunera itzultzen ari da poliki-poliki. Martxotik etenda egon zen apirilaren 17ra arte, eta orduan Azokako eta frontoiko aterpeetan kokatu ziren bertako ekoizleak eta janari saltzaileak; ondoren fruta eta landare saltzaileak hasi ziren joaten, euren postuak Euskal Herria plazan kokatuta. Hurrengo urratsa arropa, oinetako eta osagarri saltzaileekin egin zen, horientzako Haztegi ikastolako patioa egokituz. Maiatzaren 29az geroztik han izan dira, astero, irailaren 4ra arte.
Joan den ostiralean, ordea, ohiko kokapenera itzuli ziren, plazara, baina segurtasun neurriak eta distantziak tarteko, beste antolaketa batekin. Bihar ere bertan izango dira.