Meazti etxe aurreko bi gereziondo bota dituzte
Zaharrak ziren eta enborreko zura ustelduta zuten, eta iaz adar bat hautsi eta espaloi gainera erori zen. Bi zuhaitz gazte landatuko dira haien ordez
Legazpiko Santikutz kalean, Meazti etxearen aurrean zeuden bi gereziondoak bota egin dituzte, istripuak saihesteko. Zaharrak izateaz gain, 70-bat urte zituzten, gaixorik zeuden eta enborreko zura ustelduta zeukaten. Iaz adar handi bat hautsi eta espaloi gainera erori zen, baina kalterik ez zen izan. Antzeko istripu gehiago gertatzeko arriskua zegoenez, udaleko lorezaintza zerbitzuak horiek mozteko erabakia hartu zuen.
Bi gereziondoak 1950eko hamarkadan landatu ziren eta ezagunak eta estimatuak ziren legazpiarren artean, gerezi zaporetsuak ematen zituztelako.
Legazpiko urbanizazio, eraikuntza eta ingurumena, paisaia eta natura babestea arautzen duen ordenantzan jasotzen den bezala, horien ordez zuhaitz gazteak landatuko dituzte.