Alaitasuna errondaillak Latinoamerikako jaialdi birtualean parte hartuko du bihar
Legazpiko musika taldeak 'Xalbadorren heriotzean' interpretatuko du. Alaitasunaren emanaldia igandeko goizaldean, 03:00etan ikusi ahal izango da, YouTuben
Legazpiko Alaitasuna errondallak bere alea jarri nahi izan zuen pandemiaren garaiko Santikutz jaietan, eta Xalbadorren heriotzean abestia eskaini zien herritarrei internet bidez; konfinamendu garaia zenez, musikariek bakoitzak bere etxean interpretatu zuten abestia.
Emanaldi hura leku askotara iritsi zen eta jende askok ikusi zuen, baita Errondallen Latinoamerikako Jaialdi Birtualaren lehen edizioko antolatzaileek ere, eta haiek parte hartzeko gonbidapena luzatu zien legazpiarrei. Jaialdi hori aste honetan zehar ari da gauzatzen, hamahiru herrialdetako errondallen parte hartzearekin. Legazpiarren emanaldia igandeko goizaldean izango da, 03:00etan, YouTuben. Jaialdirako ere Xalbadorren heriotzean aukeratu dute.