Argazki rallyaren 16. edizioa egingo dute igandean Ataunen
Lanbidez argazkilari ez diren zaletuei zuzenduta dago rallya
Argazkilariek hitzordua dute igandean Ataunen, bertan egingo den argazki rallyaren aitzakiarekin. Ataungo Udalak antolatuta, lehiaketak 16. edizioa du aurten.
Lanbidez argazkilari ez diren zaletuei zuzenduta dago rallya, eta parte hartu nahi dutenek igandean bertan eman beharko dute izena, 09:00etatik 10:00etara, udaletxearen aurrean, 5 euro ordainduta. Izena ematean, antolatzaileek gaien zerrenda emango dizkiete partaideei, eta lehiaketa digitala denez, memoria txartelak begiratuko dizkiete.
Ataungo udalerrian zehar argazkiak atera ondoren, 13:30etik 14:30era entregatu beharko dituzte txartel horiek, gehienez 36 argazkirekin. Argazkiak kolorezkoak edo zuri-beltzezkoak izan daitezke, baina manipulatu gabeak eta JPG formatudunak.
Irabazleak 300 euro eta oroigarria jasoko ditu, eta bigarrenak 150 euro eta beste oroigarri bat. Lehen herritarrak, berriz, 90 euro eta oroigarria irabaziko ditu, eta bigarrenak, bi txuleta eta bi botila ardo. Sari banaketa azaroaren 14an egingo da, 12:00etan, Herri Antzokian.
Iaz, Omar Igual donostiarrak irabazi zuen eta bigarrena Emilio Perez barakaldarra izan zen; herriko lehena, Jone Galparsoro izan zen, eta bigarrena Andoni Aizpurua. 49 argazkilarik parte hartu zuten 15. rallyan.