Alzheimerra dutenen bizi baldintzak hobetzeko lanean jarraitzea adostu dute
Irailaren 21eko Alzheimerraren egunaren bueltan PSE-EEk azken osoko bilkuran aurkeztutako mozioak alderdi guztien babesa jaso du. EAJko zinegotzien uko-egiteen berri ere eman da
Iragan ostegunean bildu zen Ordiziako udalbatza ohiko osoko bilkuran. Mahai gainean jarri zituzten PSE-EE taldeak aurkeztutako proposamena Alzheimerraren Munduko Egunari buruzkoa, eta 2019ko ekitaldiko kontu orokorra onartzea. Bi puntuak aho batez onartu zituzten. Bestalde, EAJko zinegotzien uko-egiteen berri ere eman zen.
Iñaki Dubreuil Ordiziako Udaleko sozialisten bozeramailea pozik agertu da irailaren 21ean Alzheimerraren Munduko Egunari buruzko mozioa osoko bilkuran onartu ostean. PSE-EEk bultzatutako ekimena aho batez onartu zen, eta bertan azaltzen zen Alzheimerraren Nazioarteko Eguna COVID-19aren pandemiak markatutako egoera berezi, ezberdin eta konplexu batzuetan ospatu zela: «Gizarte osoarentzat hilabete hauek zailak izaten ari badira, pertsona ahulenentzat eta Alzheimerra duten pertsonentzat eta haien familientzat, are zailagoa da».
Mozioaren helburua «Alzheimerra duten pertsonen bizi baldintzak hobetzen aurrera egitea da». Alzheimerrak edo beste dementzia batzuek eragindako familiei elkartasuna adierazteaz gain, beste administrazio batzuei, foru aldundiari eta Espainiako Gobernuari zehazki, ekintza eta neurri batzuk hartzeko eskatzen die: autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna artatzeko Legearen onurak diagnostikoaren unetik bertatik baloratu, aitortu eta eman ditzala, gaixotasunaren fasea edo eboluzio egoera edozein dela ere; sustatu dezala dementzia duten pertsonen desgaitasunaren balorazioa, izan ditzaketen onurak emanez; balorazio-saioak garatzean, dementziaren kasuan, mekanismo espezifikoak ezar ditzala, pazientearen azterketan ez ezik, haren zaintzaile nagusiaren azterketan ere zentratuko direnak; eta azkenik, Ordiziako Udalak Alzheimerraren Plan Nazionalaren paralisi egoera gainditzeko eskatzen dio Espainiako gobernuari, «jakitun izanik gure gizartearen zahartzearen zifrek, horrek dementzietan duen eraginarekin, ez dutela atzerapen gehiagorik onartzen».
Ordezkorik ez momentuz
EAJko zinegotzien uko-egiteen berri eman zen. Eritz Perlines jeltzaleak zinegotzia karguari uko egin zion abuztuan. Ordezkoek ere arrazoi pertsonelengatik uko egin diote kargua hartzeari eta prozeduraru jarraiki, udaleko idazkariaren aurrean errenuntzia sinatu behar dute, proposamen berria egin aurretik.
Azkenik, 2019ko ekitaldiko kontu orokorra, batzorde bereziak diktaminatu, publiko egin eta ez duenez alegaziorik jaso, osoko bilkurara eraman dute eta, aho batez onartu zuen udalbatzak.