«Boluntario guztiei aitortza egiten zaie haien lanagatik»
Boluntario Eguna egitekoak ziren asteburuan Beasainen, baina egoerak behartuta bertan behera utzi dute. Malu Valles da egun horren antolatzaileetako bat.
Aurten Boluntario Egunaren 19. edizioa izan behar zen Beasainen, baina ezinezkoa izan da. Zer da egun honetan egin ohi dena?
Boluntario Egunean udalerriko elkarteetako eta Gobernuz Kanpoko Erekundeetako boluntario guztiei aitortza egiten zaie burutzen duten lanagatik. Zehazki, urtero elkarte bat omentzen dute, eta plaka bat ematen diote. Gainera, ohorezko aurreskua dantzatzen zaie guztiei eta ondoren luntx bat ematen zaie. Tarte horretan beren esperientziak partekatzen dituzte.
Nola sortu zen egun hau ospatzeko ideia?
Egun hau udalak antolatzen du, Gizarte ongizateko sailetik sortu zen, udalerriko boluntario sarea eta lanari ikusgarritasuna eta balioa emateko.
Zer da boluntarioek egun honetan egiten dutena?
Uste dut ezer baino lehen garrantzitsua dela azpimarratzea iaz aldaketa handiak egin genituela ospatzeko moduan. Elkarteek Beasaingo herritarrei beren jarduera erakusteko ekitaldia izatetik, boluntarioen eta elkarteen lana eskertu, ospatu eta aitortzeko ekitaldia izatera igaro zen. Berrikuntza horretan sartu zen halaber, edonolako jardueretako beste elkarteetako boluntarioak; kultura, kirola eta orohar gizarteko arlo guztietakoak ere sartzeko.
Zenbat talde aurkeztu ohi dira? Zer lortzen dute egun honekin?
Azken edizioetan ia 30 elkartzen ziren baina aipatu dudan moldaketarekin kopuru hori bikoiztu egingo litzateke. Zalantzarik gabe, errekonozimendua eta esker ona, eta elkarteen arteko elkarreragina.
Herri guztietako elkarteak izaten dira? Zein esparru jorratzen dituzte boluntarioek beraien lanetan?
Udalerriko mota guztietako elkarteak izaten dira, bai. Alor ugari eta ezberdinak; ongizatearekin zerikusia dutenak asko eta asko baina kulturarekin eta kirolarekin aritzen direnak ere barneratu ditugu. Gizartea dinamizatzeko eta zaintzeko lana anitza eta askotarikoa da.
Ekintza osagarriak ere egin izan dituzue, zein motatakoak?
Aurten, gure asmoa zen, pixkanaka bada ere, elkarteek beren lana erakustea besteei.
Jende asko inguratu izan da pasa den urteetan?
Bai noski, giro atseginean egun pasa ederra izan.
Zalantzak izan zenituzten eguna bertan behera uzteko erabakiaren inguruan?
Egia esan, ez dugu zalantzarik izan, ezinezkoa zen segurtasun-baldintzak betez ospatzea, eta datorren urtean izan beharko da egoerak uzten badigu.
Ez zenuten bideragarria ikusten egun hau neurriak hartuta ospatzea? Zergaitik?
Boluntario guztiak elkartzeko une bat izatea zen asmoa, luntx bat eskainiz. Baina jende kopurua, honen ezaugarriak, asko adinekoak baitira, eta guztion osasuna arriskuan jarriko zela ikusirik zuhur jokatu eta garbi ikusi genuen bertan behera uztea zela erabakirik onena.
Boluntario Eguna aurrerago berreskuratuko da?
Ez, ez dugu ezer egingo.