Ez dago Zarraparra geldituko duen birusik
Hilaren 17an ZZ Rock jaialdia egingo dute Zumarragako trintxeran. Gizzard, Victimas Club, Ezpalak eta The Unfinished Sympathy taldeek joko dute. Sarrerak 'entradium.com' webgunean erosi behar dira.
Koronabirusa min handia egiten ari zaie musikariei eta musika teknikariei, baina ez da jaio oraindik Zarraparra kolektiboa geldituko duen koronabirusik. Urtero ZZ Rock jaialdia antolatzen dute Zumarragan eta aurten ere ez dute kale egingo. Hilaren 17an izango da, Elizkaleko trintxeran.
13:00etan Madrilgo Gizzard taldeak joko du, 17:00etan Gasteizko Victimas Club taldeak, 18:30ean Urola Kostako Ezpalak taldeak (Katapulta Tour Gipuzkoa 2020 zirkuitukoa) eta 20:00etan Bartzelonako The Unfinished Sympathy taldeak.
Koronabirusak ez du jaialdia bertan behera uztea lortu, baina bai baldintzatzea. Hala, aurten sarrerak aurretik salduko dira. Eguerdiko kontzertukoak 5 euro balio du eta arratsaldekoak 10.
Bi sarrera mota daude: hiru eserleku elkarrekin edo lau eserleku eta mahaia.
Sarrerak entradium.com webgunean jarri dituzte salgai. Segurtasun neurriak direla eta, sarrerak erosterakoan izen-abizenak eta telefono zenbakia eman behar dira. Gainera, karpako sarreran NAN agiria erakutsi beharko da (emandako izen-abizenak kontrastatzeko), sarreran eta irteeran hidrogela egongo da eta derrigorrezkoa izango da eskuak horrekin garbitzea, karpa barruan derrigorrezkoa izango da denbora guztian musukoa erabiltzea (edariak hartzeko unean izan ezik), denbora guztian eserita egon beharko da, erretzea debekatuta egongo da, zerbitzariak egongo dira edariak barratik mahaietara eramateko eta emanaldi bakoitzaren amaieran eserita itxaron beharko da, antolatzaileek jaiki daitekeela esan arte.
Zarrarraparra kolektiboa apiriletik jaialdi honen zain zegoen, Poligrafo Fest jaialdia streaming bidez egin behar izan baitzuen, konfinamendua dela eta. «Diru-laguntza emango zigutela jakin bezain laister, jaialdia antolatzeari ekin genion. Erraza izan da, bi talde Poligrafo Festekoak baitira», azaldu du Zarraparra kolektiboko Gaizka Oiartzabalek.
Rockaz eserita eta maskarekin gozatzea ez da inoren gustukoa, baina… «Hasieran ez ginen jaialdia baldintza hauetan antolatzearen oso aldekoak, baina honek luze joko duenez… Gainera, garrantzitsua iruditzen zaigu musikariei eta teknikariei laguntzea. Guk geuk ere, Zarraparrakook eta zaletuok, kontzertuak behar ditugu ez itzaltzeko».
Kontzertuak streaming bidez emango dira eta karpakoa bertan behera geldituko balitz (agerraldiren bategatik), musikariek Labeagan joko dute eta streaming bidez emango dute.