Hausnarketa prozesua herriak dituen harremanen inguruan
Ezkioko Udalak etorkizunari buruz gogoeta egiteko deia egin die herritarrei. Gaur egingo dute prozesuaren aurkezpen bilera.
Ezkioko Udalak herriaren etorkizunari buruzko hausnarketa prozesua jarri du abian. Gaur aurkezpen bilera egingo dute xehetasunak azaltzeko, udaletxean bertan, 18:30ean. Ezkiok inguruko herriekin duen harremana baloratzeko izango da.
Ezkiotarrei dei egin die udalak prozesuan parte hartzeko. Bi saio ireki egingo dituzte urrian. Lehenengo saioa urriaren 15ean izango da udaletxean, 18:30ean. Tomas Etxaniz Ezkioko alkateak azaldutakoaren arabera, «herri bezala» zein erabaki hartzen diren eta ezkiotarrak nola mugitzen diren ezagutzeko ekimena da: «Ezkiotarrek bizitzako hainbat eremu partekatzen ditugu inguruko herriekin, dela zerbitzuak eskuratzeko, eskolara edo lanera joateko, edo, aisialdiaz gozatzeko», adierazi du.
Eragin administratiboa
Ezkioko Udala Goierriko zein Goierri Beheko administrazioekin aritzen da elkarlanean. Hausnarketa prozesu kolektiboaren bitartez administratiboki batean ala bestean egon behar dutenaren inguruko lanketa egingo dute: «Beste herriekin partekatzen diren zerbitzuek, kontsumo ohiturek, eskola mapak edota lan eremuak herritarren bizitzetan zein udal kudeaketan duten eraginari buruz hausnartuko da». Egin daitezkeen aldaketa posibleak aztertu eta landuko dituzte prozesuan.