Natura Ondarearen Kontserbaziorako proiektua ezagutzeko ibilaldi gidatua egingo dute igandean
Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du Itsasoko Udalak natur ondarea babesteko. Kizkitzan, San Lorentzon eta Alegian egingo dituzte lanak.
2019ko irailean Itsasoko Udalak Natur Ondarearen Kontserbaziorako proiektua jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak eskatuta. Urriaren 11n, igandean, ibilaldi gidatua egingo dute proiektuaren xehetasunen azalpenak emateko.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikel Etxeberriak gidatuko du ibilaldia, eta herriko zein tokitan zer ekintza egingo den azalduko du: “Horrela, proiektua hasieratik bizi ahal izango dugu”, adierazi du Itsasoko Udal Batzordeak ohar baten bidez. Kizkitzan hasiko da ibilaldia, 11:00etan. Aldez aurretik izena eman behar dute parte hartzaileek udaletxean.
Natur Ondarearen Kontserbaziorako proiektua natur ondarearen garapen jasangarria bultzatzeko ekimena da. Herriko hiru gunetan egingo dituzte lanak. Alde batetik, Kizkitzako ermita ondoko pagadia txukunduko dute, pago gazteak haz daitezen zaharrak kimatuta. Bestetik, San Lorentzo ermita alboko lursail zati bat erosi eta pinudia bota dute landare berriak landatzeko: “Pagoa, haritza, lizarra…bertako landareak landatuko ditugu”, azaldu du Gorka Sasieta udal batzordeburuak. Eta azkenik, Alegiako bidegorri iskineko sasiak kendu eta babestuta dagoen haltza landatuko dute.
2020 eta 2021 urteen bitartean egingo dituzte natur ondarea kontserbatzeko lan horiek.