Ibilaldi gidatua egingo dute igandean Natur Ondareari balioa emateko
Itsasoko Udalak abian jarri duen proiekuaren berri emango du Aranzadiko Mikel Etxeberriak 11:00etan hasita. Kizkitzan, San Lorentzon eta Alegian egingo dituzte proiektuari lotutako lanak
Itsasoko Udalak Natur Ondarearen Kontserbaziorako proiektua jarri du martxan. Natur ondarearen garapen jasangarria bultzatzea du helburu ekimenak. 2019an Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak eskatu zituen udalak eta igande honetan egingo dituzte lehenengo ekintzak proiektua ezagutzera emateko. Ibilaldi gidatua egongo da Kizkitzatik hasita, 11:00etan.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikel Etxeberriak gidatuko du ibilaldia. Aldez aurretik udaletxean izena eman behar dute parte hartu nahi dutenek. Etxeberriak herriko zein tokitan zein ekintza egingo den azalduko die bisitariei: «Horrela, proiektua hasieratik bizi ahal izango dugu», adierazi du Itsasoko Udal Batzordeak ohar baten bidez.
Herriko hiru gune ezberdinetan egingo dituzte lanak. Kizkitzan ermita ondoko pagadia txukunduko dute; zaharrak kimatu gazteak haz daitezen. San Lorentzo ermita alboan, berriz, landare berriak landatuko dituzte. Gorka Sasieta udal batzordeburuak azaldu du lursail zati bat erosi dutela horretarako: «Pagoa, haritza, lizarra…bertako landareak landatuko ditugu». Bestalde, Alegiako bidegorri alboko sasiak kendu eta babestuta dagoen haltza landatuko dute. 2020 eta 2021 urteen bitartean egingo dituzte lanak.
24 karobiren txostena
Bestalde, urtero itsasoarrek udan egiten dituzten lanen emaitzak argitaratu ditu Itsasoko Udalak. Aurten karobiak izan dira udako lanen oinarria. 24 karobiren aztarnak aurkitu dituzte Itsaso inguruan eta txosten batean bildu dute herritarrek ikertutakoa. Zakarrezkoak dira denak: «Kareharrizko bobeda batean kareharria pilatzen zen eta azpian haritz- eta pago-egurra erretzen zen gau eta egunez; egosketa sei bat egunen buruan amaitzen zenean, sua itzali egiten zen eta pare bat egunez hozten utzi ondoren, kare bizia ateratzen zen», azaldu dute txostenean. Karobiak identifikatzeaz gain, herritarrek horiek garbitu eta bistan jarri dituzte. Udalak herri bideetan dauden karobiak seinalizatzeko asmoa du, eta herritarrei ere kontserbatzeko neurriak har ditzatela eskatu die. Adibidez, ingurukoei horien berri ematea informazioa zabaltzeko.