Sarrerak erosteko aukera ematen duen webgunea estreinatu du Latxartegi aretoak
Zinema karteldegia eta filmen informazioa eta trailerrak ere jasotzen ditu webguneak. Sarrera guztiak zenbakidunak dira, eta leihatilan ere eros daitezke. Igandetik, haurrentzako saioak
Legazpin urriarekin batera hasitako zinema denboraldiak bi karteldegi izango ditu aurrerantzean: fisikoa, Latxartegi aretoko atarian bertan, eta digitala, webgunean. Bietan, Zine Klub Legazpik programatutako pelikulen berri emango dute, zine klub emanaldienak zein zine komertzialarenak, eta Internetekoan, gainera, sarrerak erosi ahal izango dira.
Latxartegi aretoaren webgune berrian, sarrerak erosteko aukeraz gain, datozen asteetako karteldegia eta emango diren filmen informazioa ere zabaltzen dute, hainbat kasutan filma horien trailerrak ere zabalduz. Gaur eta igandean proiektatuko duten Los miserables pelikularen laburpena ikusgai dago.
Zinema, jarduera segurua
COVID-19aren aurrean zinemaz seguru gozatu ahal izateko hartu dituzten neurrien barruan kokatzen da sarrerak on line erosteko aukera. Leihatilan ere erosi daitezke, baina horretarako txartelak erabiltzea gomendatu dute. Bi kasuetan, sarrerak zenbakidunak dira.
Neurri gehiago ere hartu dituzte hasi berria den zinema denboraldiari begira, eta horien artean Latxartegiren edukiera 177 eserlekura mugatu izana nabarmendu behar da. Bestetik, ikusleek eskuak garbitu beharko dituzte derrigorrez aretora sartzean, eta barruan maskara jantzita eraman beharko dute beti. Gainera, ezin izango dute ez jan ez edan.
Haurrentzako saioak
Aurreko asteburuan hasi ziren zinema emanaldiak Legazpin, eta igande honetan haurrentzako saioak hasiko dira. Scooby filma izango da denboraldiko lehena. Sarrera 4 euro izango da.